Lehen etapan, Bergaran, Arrasaten eta Elgetan zehar ibiliko da Itzulia, eta Asentzioko gaina igoko du tropelak, Arrasatetik, Kanpanzartik.
Bigarren etapan –Elgoibar eta Gasteiz artekoa– Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga zeharkatuko dituzte ziklistek. Tartean, Elgeta igoko dute, Uberatik, eta Gatzaga.
Azkenik, laugarren etapan, Elgetatik eta Bergaratik bi aldiz pasatuko dira. Itzulia Beasaingo erlojupekoarekin bukatuko da, apirilaren 6an.
Sanchez eta Contador
Sei etapa (Elgoibar-Elgoibar; Elgoibar-Gasteiz; Gasteiz-Trapagaran; Trapagaran-Arrate; Eibar-Beasain; Beasain-Beasain). 833,1 kilometro. 21 talde eta 168 txirrindulari. 32 mendate. Horiek dira aurtengo Itzuliaren zenbakiak.
Eta, hautagaiak? Bada, betikoak. Ohiko kinieletan sartzen direnak. Bi nabarmen daitezke: Samuel Sanchez –iazko irabazlea– eta Alberto Contador –2008ko eta 2009ko irabazlea–. Baina beste batzuk ere ezin dira aipatu barik utzi: Richie Porte, Chris Horner eta Tejay Van Garderen, besteak beste.
-----------------
Ivan Velasco | (Caja Rural taldeko arrasatearra): "Egunean egunekoa antolatuko dugu"
Ivan Velasco arrasatearra Elgoibarko irteera puntuan egongo da, Caja Ruralen elastikoarekin.
Ze asmo dituzu? Kataluniako Itzulian ez nintzen batere eroso egon. Hori horrela, gogotsu nago Euskal Herriko Itzulirako. Zer eman dezakedan ikusi gura dut.
Kilometro asko Debagoienean dira. Abantaila zuretzat. Bai. Kilometro asko egin ditut errepide horietan, eta ezagupen horrek lasaitasuna eta abantaila ematen dit.
Badaukazu etaparen bat begiz jota? Ez. Egunez egun joango gara. Lehen etapa, Arratekoa eta Beasainen bukatzen dena oso gogorrak dira. Sailkapen orokorrerako ez daukagu aukera handirik.



