Gizarte prestazioetarako partidak ez ditu txikituko Enplegu eta Gizarte Politika sailak

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 26a

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburu Juan María Aburtok bere sailaren aurrekontua aurkeztu zuen atzo legebiltzarrean. Guztira 768.177.010 euro izango dira, iaz baino % 16,3 gutxiago; baina, sailburuak esan zuenez, gizarte-zerbitzuak eta prestazioak ez dituzte murriztuko; hain zuzen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak, Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioak eta Gizarte Larrialdiko Laguntzak ordaintzeko partidetatik ez dute ezer kenduko, eta telelaguntza zerbitzua ordaintzeko iaz baino % 11 gehiago ipiniko da. Lanbiderako ere diru gehiago ipiniko da.

Juan María Aburto sailburuak zehaztu zuen aurkeztutako aurrekontua ez dela zehazki Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak zituen zenbatekoen batura; izan ere, horiei Etxebizitza atala gaineratu zaie orain, lehen beste sail batean zegoena. Hain zuzen, murrizketa gehienak etxebizitzan izango dira.

Enplegu eta Gizarte Politika Sailak 768.177.010 euroko aurrekontua du 2013rako (langileei ordaintzeko kapitulua kenduta); 2012ko aurrekontuarekin konparatuz gero (918.107.875 euro) % 16,2ko beherakada dago Gizarte Segurantzarako hobarien eragina ezabatu ondoren, eta termino absolututan 149.930.865 euro gutxiago.

Familia-politiketan ere eutsi egin zaie bikoteak, bereziki, eta familiak, oro har, gatazkan dauden kasuetarako bitartekotza-zerbitzuei, baita seme-alabengatiko eta familia-bizitza eta lanekoa bateratzeko laguntzei ere.

Enpleguko atalari ekin aurretik, sailburuak nabarmendu zuen immigrazio-politiketan Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Biltzen Zerbitzuari eutsi zaiola, eta, partidak murriztu arren, abokatuen elkargoekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin Aholkularitza eta Harrerako zerbitzuak ere mantenduko direla, baita EHUn dagoen Immigrazio Behatokia ere.

Enpleguko atalari dagokionez, egoera ekonomikoa gorabehera, iazko ekitaldian baino gehiago bideratuko da Lanbidera. Horrela bada, langabeendako enplegu-programek (gazte, emakume eta iraupen luzeko langabetuei zuzendutakoak) lehentasuna izango dute langileen etengabeko prestakuntzaren aurrean. Ekimen horiei Enplegua Suspertzeko Planean jasotakoak erantsi behar zaizkie.

Etxebizitza hutsak, alokairura

Etxebizitza atalak diru gutxiago izan arren, Bizigune programa hobetzeko oinarriak jarriko direla esan zuen Aburtok, "alokairu merkeko etxebizitzen kopurua handitzeko". Hain zuzen, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzearen aldeko apustua egin du Juan María Aburtok, bai eta, lehentasunez, zaharberritzeko, birgaitzeko eta irisgarritasuneko politikei baliabideak ematearen aldekoa ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak