Gipuzkoako Foru Aldundiak "beste garapen eredu bat bultzatzea" ardatz duela nabarmendu du Martin Garitano diputatu nagusiak, Ekonomia eta Enplegu talde txostengileko eragileen ekarpenen bidetik: "Ekonomia eta Enplegua bultzatzeko talde txostengileak joan zen egubakoitzean bukatu zuen bere lana eta gaur Ogasun Batzordera eramango dira bertako ondorioak, eta odo bidean gaur bertan onartuko dira" esan du diputatu nagusiak.
Gipuzkoako Foru Aldundia "pozik, oso pozik", dagoela esan du Garitanok, Batzar Nagusietan, ponentzian, egindako lanagatik. Izan ere, Foru Gobernuak duela aste pare bat talde txostengileari igorri zion ponentziaren oinarrizko proposamena, eta proposamen horren gainean lan handia egin dute Batzar Nagusietan.
Garitanok eta Uriguenek gaur adierazi dutenez, prozesu honetan, 29 eragilek parte hartu dute, ia 40 partaiderekin. Eta ekarpenak "oso aberatsak" izan dira. Eta, ekarpen horiek guztiak "oso baliagarriak" izan zaizkio Gipuzkoako foru gobernuari, "ondorioak ateratzeko". Horregatik, "eskerrak eman nahi dizkiegu eragile guztiei eta baita batzarkide taldeei ere" esan du gaurko agerraldian Garitanok.
"Garapen politika egiteko beste modu bat"
Hemen Garitano ahaldun nagusiaren berbak:
"Ponentzia honek erakusten du badela politika, garapen politika, egiteko beste modu bat. Talde itxi eta murritzari hitza eta erabakia ematen zion ereduaren aurrean, bestelako eredu bat; askotariko iritziak ematen dituen gizarte eragile multzo handia kontuan hartzen duen eredua. Izan ere, Gipuzkoan eragile asko daude, egoera honetatik ateratzeko lanean murgiltzeko prest daudenak".
"Gaur arratsaldean ponentzian onartuko diren ondorioetan, argi eta garbi ikus daiteke egiturazko krisi bati egiturazko aldaketekin egin behar zaiola aurre. Benetako eredu aldaketa ekarriko duen lanketa egin beharra dago eta horretarako oso inportantea da guztion arteko lankidetza. Zer egiten dugun bezain inportantea da nola egingo dugun".
"Hasieratik esan dugu: ponentzia honen ondorioak ez dira aurrekontu akordioan zehaztutakoa banatzeko, norabidea ezartzeko baizik. Ponentzia honen ondorioak oinarrizko elementuak dira, datozen hilabete eta urteetan garapen-ildoak definitu ahal izateko".
"Aldundi honentzat oso garrantzitsua da ildo hori eta ikuspegi orokor hori. Gainera, hemen ezarritako ildoak ez dira soilik Diputazioko lerroetarako. Lurraldeko erakundeentzat eta eragileentzat ere kontutan hartu beharreko hausnarketak dira. Denon artean norabide berean egin behar dugu arraun, eta ondorio hauek funtsezkoak dira horretarako".
"Tamalez, talde politikoren bat edo beste ponentzia gutxiesten tematu da, argudio zentzugabeak erabiliz: diru gutxiegi bideratu dela, prozedura itxurakeria hutsa izan dela".
"Aldundiak errespetu handiz hartzen du jendea. Kasu honetan, ponentzian parte hartu duten guztiek esandakoa ere errespetatu du, gure iritziekin eta proposamenekin bat etorri ala ez. Izan ere, denek egiten dute ekarpena krisi egoera honetatik ateratzeko".
"Horregatik, ondorioen txostenean guztien iritzia hartu da kontuan. Baliteke, oposizioko alderdiren bati, kritika hutsalak egiten dituen alderdiari, ez gustatzea. Baliteke, ondorioen norabidea gogoko ez izatea. Orain arte landu eta babestu den ereduarekin oso kritiko azaldu baita. Hala ere, horiek dira Batzar Nagusietan entzundakoak. Horiek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egiten dituenak".
Kooperatiben eredua bultzatu
Batzar Nagusietako taldeek proposatzen dituzten ardatz estrategikoetako bat kooperatiben formula bultzatzea da, eta langileen parte-hartzearena. Eta lan egiteko modu hau industriaren munduan aplikatzea proposatzen da, baina baita zerbitzuen esparruan eta landa garapenarenean ere.
Uriguenek eta Garitanok esan dutenez, Gipuzkoan egun dugun ekonomia munduko parte-hartzaileenetakoa da jada. Eta ez bakarrik kooperatibaren mugimenduak hemen duen indarragatik, baizik eta kapital pribatua duten hainbat eta hainbat enpresak langileen parte-hartzea bultzatze bidean urratsak eman dituztelako. "Baina aurrera egin behar da bide horretan eta pausoak ematen jarraitu" esan dute.
Ekonomia eta Enpleguari buruzko talde-txostengilean parte hartu dute eragile publiko zein pribatuk, eta baita alderdiek ere. "horretan bat egin dugu: demokrazia ekonomikoa, behar beharrezko tresna da gizarte eta ekonomia sistema berri bat eraikitzeko, oraingoa ereduak jasaten ari garen egoera larri hau sortu duela konprobatu ondoren".
"Aldundira iritsi ginen lehen minututik aldaketa honen aldeko apustu garbia egin dugu guk eta langileen parte-hartzea bideratzen duten prozesuak bultzatzen ari gara. Legealdiko lerro estrategiakoetako bat izan da hau eta bide horretan jarraituko dugu.
Europako jardunaldiak
Apirilaren 11n eta 12an, Donostian, Europako jardunaldi batzuk burutuko dira, Foru Aldundiak Europako zenbait administrazioekin elkarlanean antolatu dituenak. Aurreratu dutenez, guztien artean hainbat esperientzia partekatzea izango dute helburu eta Europar Batasuneko hain garrantzizkoa den arlo honetako politikaren oinarriak jartzen joatea.
Oinarri sozialeko kutxen eginkizuna
"Bada beste gai bat ere eragile eta alderdi gehienak batu gaituena eta talde-txostengilearen testuan jasota gelditu dena, oinarri soziala duten aurrezki entitate edo kutxak sortu zirenean zuten betebeharra edo helburua behingoz bete dezatela, famili eta enpresei maileguak ematea, alegia".
Tokiko garapenaren alde
Tokiko garapenaren garrantzia ere azpimarragarria da Aldundiaren ustez: "hazkundearen bidea ez da bueltatuko, eta beraz, langabeziarekin amaitzeko bestelako estrategiak beharrezkoak izango dira: enplegu aztarnategi berrietan jarri behar da atentzioa; tokiko baldintzak dira enplegu estrategia berriaren oinarri".
"Garapena bertatik bertara hasten da. Tokiko garapen agenteei laguntza da oinarria, egiturazko tokiko dinamizazio ekintzei bultzada ematea baita ehun produktiboa bultzatzea, eta horretarako, Garapen agentzien sarea aprobetxatu behar da. Ondo dago kanpoko inbertsioa, baina barruko ekoizpena eta ehun produktiboa ere sustatu behar dira".
Lehen sektorearen garrantzia
Bada beste gai bat hasierako testuak jasotzen zuena baina alderdiek indartzea proposatzen dutena: lehen sektorearen garrantzia. Ekarpenen artean azpimarratu dute baserri munduari atentzio gehiago jartzeko eskaria, baserrian ekoizten dena modu eraginkorragoan komertzializatu eta nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoari arreta berezia jartzea. Baina horrekin batera, gizartearengan baserritar mundua babesteko kontzientzia sortzea ere proposatzen da. Honek "gizarte osasuntsuago bat gauzatuko du, eta baserritarren lanari merezi duen duintasuna emango dio" adierazi dute.