Industriaren aurrekontua % 15 handitu da, eta neurri berezietarako 45 milioi ipiniko dira

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 26a

Industriako aurrekontua iazkoa baino %15 handiagoa izango da, eta Jaurlaritzak 45 milioi gehiago ipiniko ditu industria-aktibitatea sustatzeko. Dena dela, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren aurrekontua iazkoa baino % 25 txikiagoa izango da, eta denetara 396,3 milioi euroko aurrekontua dago aurten. Sailburuak, Arantza Tapiak, Ogasun eta Ekonomiako Legebiltzarreko Batzordean egin zuen berba atzo eta, bere esanetan, berrindustrializaziorako neurri berriak hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, proiektu estrategikoei eta zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko helburuarekin.

Sailburuaren esanetan, "aurrekontua % 15 handitzeak argi uzten du gobernu hau industriaren alde egiten ari den apustua. Laguntza garrantzitsua eta estrategikoa izan nahi dugu, eta enpresek aurrera egitea, beren hornitzaile-sarea mantentzea eta industriak zerbitzuen sektorea bultzatzea lortu nahi dugu".

Ekonomia aurrekontua % 25 txikitu den arren, Arantza Tapiak esan zuenez, aurreko ekitaldian "kreditu ugari atxiki" zituzten eta "ezin izan ziren gauzatu"; hortaz, aurrera eroandako aurrekontua baino % 9 txikiagoa baino ez da aurtengoa.

Honela banatu nahi ditu Arantza Tapiak bere sailerako dituen 396,3 milioiak:


Zuzendaritza horizontalak: 16.454.865 €
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetza: 141.593.567 €
Industria Sailburuordetza: 98.765.954 €     
Merkataritza eta Turismo Sailburuordetza: 25.714.268 €
Nekazaritza eta Arrantza Sailburuordetza: 113.783.346 €


Tapiak baloratu egin du sailak industriaren alde egindako apustua, baliabideak urriagoak izan arren. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 45 milioi euroko neurriak aplikatuko ditu, eta honako hauetara zuzenduko ditu: enpresen berregituraketa eta antolamendua; enpresa bultzatzaileen dibertsifikazioa, proiektu berriak martxan jarriz eta oinarri teknologikoko enpresa berrien sorrera lagunduz; eta langileek enpresetan parte hartzeko prozesuetan laguntzeko ekimen berri bat babestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak