Ekintzaileak: "Ideian sinetsiz gero, laguntza pixka batekin, egiten da aurrera"

Leire Kortabarria 2013ko apirilaren 2a

Euskadin, 3.022 enpresa sortu ziren iaz, 10.000 biztanleko 13. Espainiako batez bestekoa baino zertxobait txikiagoa da hori: 18 enpresa berri 10.000 biztanleko. Axesor erakundearen datuak dira.

Saria bidearen bukaeran 

Debagoienean ere sortu dira enpresak. Horietako gehienak pertsona bakarrak edo bik osatzen dituzte. Batzuek merkatuan zegoen eskaera bati erantzun nahi izan diote, zerbitzu berri bat eskainita; beste batzuek betiko jarduera bati beste buelta bat eman diote, merkatuan lekua topatzeko. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun debagoiendarrek ez dute bide samurra izan –norberaren enpresa sortzeak poltsikotik inbertitu beharra, lan-ordu mugagabeak, buruko minak… ekarri dizkie– baina negozioa aurrera eroatea lortu dute. 

-----------------

Xabier eta Jagoba (Ekitermik, ingeniariak): "Oztopo handienak norberak ipintzen dituenak dira "

Xabier Lizaur eta Jagoba Bergara ingeniari arrasatearrek bazuten lana, soldatapekoa. Lan horretan ezagutu zuten elkar, eta konturatu ziren biek zutela "kezka berbera: gure kabuz zerbait sortzea, gure buruari erronka berriak ipintzea", Xabierrek laburtzen duen moduan. Lana utzi eta autonomo gisa alta hartu zuten. Ordurako, enpresa-ideia onduta zuten: energiaren eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien arloan zer egina bazegoela ikusi zuten. Ekitermik sortu zuten. Energia berriztagarri instalazioak eta eraikinen eraginkortasun zertifikazioak egiten hasi ziren. Baina orduan, krisia etorri zen. 2007. urtea zen. Horrek zer ikasia eman zien, Xabierrek dioskun moduan: "Ideia batekin sortzen duzu enpresa, baina azkenean gauza bizia izan behar da; beti jarraitu behar dio merkatuaren zentzuari, eta aurrea hartu badiezaiokezu, hobe". Hala, lana dibertsifikatzen hasi ziren. Gaur egun, auditoria energetikoak, instalazioak, formazioa eta ziurtagiri energetikoak dira euren negozio-unitate garrantzitsuenak. Jaso zituzten laguntza nagusiak Mankomunitateko Garapen Agentziatik eta Saiolanetik, Txekintek programaren eskutik etorri ziren. Topatu zituzten oztopoen gainean, hauxe dio Xabier Lizaurrek: "Oztopo handienak norberak bere buruari ipintzen dizkio. Hala, ohituta gaude zortzi orduko lana egitera, agintzen digutena egitera… eta norberaren enpresan, ordu asko sartu behar dituzu, buruari asko eragin, merkatua ezagutu, jendea konbentzitu… lan handia da". Enpresa-ideia duen jendeari, Xabierrek gomendatzen dio zerbait berria eskaintzen saiatzea, oso merkatu lehiakor baten dagoeneko badagoen zerbait eskaintzea baino. Gero, "ideian sinisten baduzu eta laguntza pixka batekin, gauzak irteten dira aurrera".

-----------------

Amaia Albes (diseinatzailea): "Laguntza gehiago egon beharko lirateke"

Amaia Albesek argi zeukan diseinatzaile izan gura zuela. Joskintza arloan, tarteka, lan egiten zuen bitartean, etxean bere diseinuak egiten hasi zen. "Behar batzuk zituen publiko bat bazegoen, eta, lehenengo ezagunak, gero jende berria, etortzen hasi zitzaizkidan". Bi urte eman zituen horrela. Albesendako, aurrerapauso handi bat izan zen etxetik lokal batera joatea, "bezeroei erreparoa ematen zielako etxe partikular batera etortzea, eta etxea eta lana desberdintzea, lanetik deskonektatzea zaila zelako", dio. Baina lokalak "oso-oso garesti" zeuden. Mankomunitateko Garapen Agentziara jo zuen, eta ekintzaileendako dituzten lokaletako bat ikusi zuenean, "hau, niretako!", bururatu zitzaion: "Txikia da, baina bakarrik lan egiten dut eta nahikoa da; oso argitsua da… Hementxe egin dut nire txokoa", esaten digu, pozik. Kezkatuta dio "laguntza gutxi, ezer ez esatearren" jaso duela, "krisiak laguntzak kendu" dituelako. Krisian ere, edo akaso horrexegatik, "ekintzaileendako laguntza gehiago" egon beharko liratekeela uste du. Diru-sarrerak eta gastuak, derrigor, zaindu egin behar ditu: "Etxean esaten didate enpresaburu baten moduan egiten dudala berba orain". Krisiaren inguruan, hauxe gaineratzen du: "Oso momentu zailean hasi naiz, nire hornitzaile askok itxi egin dute… Baina, era berean, nire hornitzaileek prezioak jaitsi dituzte; eta nik ez dut garesti saltzen, hortaz, kalitateari eusten diot, eta gehiago saltzen hasi naiz", esaten du. Pertsona bakarreko enpresaren burua da, eta buruari asko eragitea ere tokatu zaio: bere burua ezagutarazteko, herriko ile-apaindegietan esku-orriak utziz, Facebook-en ekintzak jakinaraziz… eta etxekoen laguntzarekin. "Etxekoak barik, ez nukeen ezer egin izango", esaten du. Honela laburtzen du Amaia Albesek bere esperientzia: "Gogorra da. Ideia bat duen jendea animatu dadila, baina ordu piloa sartu behar dira, lan mordoa egin… Baina ni pozik nago, honaino ailegatu naizelako eta, pixkana-pixkana, aurrera noala ikusten dudalako".

-----------------

Iban eta Gorka (Ortuzabala, nekazariak): "Kontsumo taldea inguruan izateak ematen digu indarra"

Iban Telleria gazte oñatiarra betidanik erakartzen zuen baserriak, nahiz eta bera kaletarra izan. 2010eko udan, jendeak animatuta, "lurretik bizi izateko ideia planteatu" zion serio bere buruari. "Hori bai izan zela zerotik hastea: ez nuen lanabesik ez makinarik, eta hau bakarrik zelai bat zen", diosku Murgia auzoan gaur egun ortua daukan lursailean. Zerotik batera pasatzeko gastu guztiak poltsikotik eta gurasoek lagunduta ordaindu zituen Ibanek. Laguntza handiena Oñatiko Udalak eman zion: azokan postua ipintzearren dirulaguntza ematen diote, adibidez, eta "ahal duten denean" laguntzen jarraitzen du Udalak. Bestalde, Arrasateko baserritar batzuek traktorea utzi zioten; Oñatiko batzuek, negutegia; eta Murgiako lursaila "oso baldintza onetan, 15 urterako eta ia ezeren truke" alokatu diote jabeek. Bultzada handiena, ordea, bere ekoizpenaren inguruan kontsumo-taldea sortu izanak eman dio. Joan den maiatzetik Gorka Retegi bergararra du lankide eta proiektuan lagun. Hau diote: "Eredua aldatzen doa; jendeak, gero eta gehiago, bertako produktua eta kalitatezkoa eskatzen du, eta kontsumo taldeko jendea beti hor egotea guretako bermea da, eta horrek eman zigun indarra proiektu hau hasteko". Nekazariaren lanaren gaineko eredua ere aldatzen doala diote: "Ekoizpen txikiak eginda ere aurrera egin daiteke. Nekazaritzatik bizi izatea ez da ezinezkoa". Kontsumo taldea handitu gura dute, eta honako kontaktu bideak dituzte: ortuzabala@gmail.com eta 677 68 33 03 telefonoa.

-----------------

Lierni eta Itsaso (Zenbat, administratzaileak): "Ideia bideragarria den edo ez jakiteko laguntza ere badago"

Lierni Olmedo eta Itsaso Mendez oñatiarren kasuan, behar pertsonal batetik etorri zen enpresaren ideia. Liernik kontatzen digu: "Nire behebarruan igogailua ipintzen hasi ginen, eta bururatu zitzaidan kudeaketa-lan horiek egitera dedikatzen zen norbait beharko zela. Gero, lanik gabe geratu nintzen; Itsaso egun erdiz zebilen lanean, eta animatzea pentsatu genuen". Euren enpresa, Zenbat, ezagutarazteko, herriko postontzietan iragarkiak banatu zituzten. Pixkana-pixkana, bezeroak ailegatzen joan ziren. Oñatiko Udaleko Enplegu Zerbitzura jo zuten; Mankomunitatera eta Eusko Jaurlaritzara ere bai. Euren negozioak ez zuen inbertsio handien beharrik, baina hasteko behar zuten lokala Udalak utzi zien, diru kopuru batez gain. Orain, errentan hartuta dute beste lokal bat. Eusko Jaurlaritzatik, administratiboki martxan jartzeko dirulaguntzak ere jaso zituzten, baina horretarako ikastaro bat egin behar izan zuten. Behebarruetako, bizilagunen komunitateetako administrazioa egiten dute; gauza berria zen eurendako. "Gipuzkoako administratzaileen kolegioan alta hartu genuen eta gauza batzuk argitu zizkiguten. Dena dela, eginez ikasi dugu", esaten dute. Enpresa-ideia bat dutenei, duda barik, "animatzeko" esaten diote, baina ideia ere bistaz galdu gabe. "Ideia bideragarria den edo ez jakiteko ere laguntzak badaude", esaten dute. Azken baten, aurrera egiteko; "izan ere, azkenean norberaren amets bat da".

-----------------

Bailarako bi erakunderen laguntzak

Mankomunitateko Garapen Agentziak euren enpresa sortu nahi dutenenendako eta autonomoendako ekintza batzuk egingo ditu laster. Publiko guztiarendako, autonomo izatearen gaineko jardunaldiak emango ditu; eta dagoeneko enpresa muntatu duten edo muntatzeko gertu daudenendako, tailer espezifikoak. Gainera, 30 proiekturendako laguntza zehatzak emango ditu. Saiolanek lau laguntza programa ditu martxan: Ekintzaile-Txekintek SPRIk  eta Foru Aldundiak ematen dute eta enpresa martxan jarri arteko dirulaguntzak eta aholkularitza ematen dute, 60.000 euro arte. SPRIren eskutik ere, Ekintzaileren 2. faseko programak enpresa plana egiteko laguntza ematen du, 180.000 euro arteko maileguarekin. Bestetik, Connect eta Miniconnect programek enpresa berritzaileei laguntzen diete. Argibide gehiago dago www.saiolan.com webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak