Andoainetik Baionako karriketara; 10 egun eta 2.587 kilometro. Gaur iritsi da euskararen aldeko lasterketa erraldoia bere helmugara, eta euskaltzale asko bildu dira edizio honetan azkenekoz euskara elkarri emateko.
Eguraldia euskaltzaleen alde ipini da. Jendetzaren artean, debagoiendar asko, Oskar Elizburuk aipatu bezala: "Bi autobus joan gara ibarretik". Kontseiluko presidenteak ere egin du korrika Baionan: "Zirraragarria izan da, ez genuen espero horrenbeste jendek bat egingo zuenik Baionako jaiarekin".
Lekuko barruko mezua
AEKko ordezkariek eraman dute azken kilometroko lekukoa; Amets Arzallus izan dute alboan. Arrazoia, Euskal Herri osotik eskuz esku igaro den lekukoaren barruan zegoen mezua berak idatzi zuela.
Aurten Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren pertsona guztiak omendu gura izan ditu eta bestela ezin zitekeen bezala, Arzallusen mezuak ere horixe jasotzen du: "Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara".