Izena aldatzeaz gainera, Durangoko batzar orokorrean "gizarte mugimendu modura artikulatzen jarraitzeko kohesioa eta gizarte eraginean lehentasunak jartzea" erabaki zuten.
Horrez gainera, Topaguneak "bere jardueraren muinean jarri du euskaltzaleak aktibatzea eta gizarte mugimenduan antolatzeko eginkizuna".
Etorkizuneko erronkak ere zehaztu zituzten Durangon. Hala, batzarrean aurkeztutako Kudeaketa Planean jasotzen denez, "kohesioan, transmisioan, gizarte eraginean eta motibazioaren lanketan" du jomuga elkarteak. Xedeak zehazten denbora darama elkarteak, hain zuzen ere, "2012an hiru urteko hausnarketaldia amaitu dute Topagunea osatzen dutenek". Hala, 2013a azken urteotako gogoetarekin hasitako eraldaketan jarraitzeko urtea izaten ari dela adierazi zuten.
Gogoetatik ekintzetara
Iaz, Topaguneak Kongresua egin zuen Bilbon, Federaziotik Mugimendura izenburupean. Mikel Irizar presidenteak gogorarazi zuen gogoeta garaia itxi eta ekintzetan sakontzeko garaiari ekitea ekarri duela.
Hala, 2013an "euskaltzaleen ekimen eragina handitu, mugimenduaren transmisio eta barne formazioan inbertitu eta Topaguneak abian dituen jarduerei eutsiz bere eragina areagotzea izango dira mugimenduaren erronka nagusiak".
Egoera ekonomikoa ere ekarri zuten gogora Batzar Nagusian. "Testuinguru ekonomiko ezegonkor honetan, gizarte ekimenaren garrantzia inoiz baino handiagoa" dela nabarmendu zuten eta babesa areagotzeko deia egin zien mugimenduak herritar eta erakundeei.