Patricia Yuste: "Madrildik Aretxabaletara etortzeak benetan merezi izan du"

Imanol Soriano 2013ko martxoaren 22a

Patricia Yuste gure bailaran berria den Menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta erdi mailako zikloaren lehenengo maila egiten ari da Aretxabaletako Lanbide Eskolan. Madrildik Euskal Herrira etorri da trebatzera eta, batez ere, arlo horretan lana bilatzera.

Zergatik etorri zara honaino ikastera? DBH bukatu ostean, duela urte batzuk, Irudi Pertsonala erdi mailako zikloa egin nuen. Urteak pasatu ditut era guztietako aldi baterako lanak eginez, baina azken urteetan Madrilen egoerak txarrera egin du. Lan merkatuan sartzeko giltza formazioa dela argi nuen, baina Madrilen lana aurkitzea ia ezinezkoa da; beraz, bertatik irten eta ziklo berbera Euskal Herrian ikasteko aukerak aztertzen hasi nintzen, eta hemen nago.

Zergatik aukeratu zenuen Euskal Herria, eta Aretxabaleta?  

Betidanik Euskal Herritik gertu sentitu naiz eta hemen langabezia-maila txikiagoa eta lan egoera Madrilen baino hobea denez, ez nuen zalantzarik izan. Hainbat ikastetxerekin jarri nintzen harremanetan, eta Aretxabaletako Lanbide Eskolan hasieratik harrera ona egin zidaten, matrikulazioa egiteko erraztasunak eskaini zizkidaten. Orain Arrasaten bizi naiz beste hiru pertsonarekin.

Zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa?  

Formazioa lana aurkitzeko lehen urratsa dela argi nuenez, Madrilen 25 urtetik gorakoentzat unibertsitatera sartzeko proba prestatzen hasi nintzen. Dena den, Lanbide Heziketa hautatu nuen, besteak beste, ikasketa kontzentratuak direlako, denbora laburragoan lanbide bat ikasi eta lan merkatuan sartzeko aukera eskaintzen duelako.

Zer azpimarratuko zenuke Lanbide Heziketatik?  

Lanbide Heziketaren abantailetako bat hiru hilabeteko praktikaldia da; askotan, enpresa horretan bertan gelditzeko ateak zabaltzen dizkizu, eta, nahiz eta hori ez gertatu, esperientzia hori curriculumean gehi dezakezu, lana bilatzeko orduan. Lehenengo mailatik, astean bi orduz pertsona nagusien egoitzara joaten gara, boluntario bezala, eta horrek aukera ematen digu gelan ikasitakoa egoera errealetan praktikan jarri eta benetako pertsonekin harremanak izateko. 

Honetaz gain, pertsonen laguntzaile izateko jakin beharreko gaiez gain, lanerako eskatzen diren beste hainbat jarrera lantzen dira; arduratsua izaten, puntualitatea...

Zer balorazio egiten duzu?  

Badira egunak familiako pertsonengandik urrun sentitzen naizena, baina, dena dela, edozeini gomendatzeko esperientzia da. Benetan gustura nago, eta, ziur aski, nire etorkizuna hemen egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak