Ford Mugarri-Soraluze BKE: eskubaloi derbia Iturripen

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 22a

Euskadiko gorengo mailan jokatzen duten gure bi taldeek indarrak neurtuko dituzte bihar, zapatua, Iturripen, 18:00etan. Arrasatearrek igoera prestatzen dihardute. Bergararrek aldiz, denboraldia lasai bukatu gura dute.

Bien artean 16 puntuko aldea dago sailkapenean: Ford Mugarrik 38 ditu eta Soraluze BKEk 22. Biek ala biek oso bestelako helburuak dituzte: Ford Mugarrik igoera eta Soraluze BKEk maila mantentzea. Biek ala bien joko ezberdina egiten dute: arrasatearrek kanpoko jaurtiketa indartsua dute eta bergararrek kontraeraso indartsua dute. Ezaugarri horiek guztiak baina, ez dira kontuan hartzen derbi baten aurrean. 

Erasoa eta defentsa 

Aurreko aste bukaeran jokatutako partiduetan garbi geratu zen talde bakoitzaren bidea. Ford Mugarrik aise irabazi zuen Basaurin, eta maiatzean jokatuko den igoerarako prestakuntzarekin dihardu. Bergararrek, Askartzaren kontra galdu arren, sentsazio onak berreskuratu zituzten. Hori horrela, indartsu eta gogotsu egingo diote aurre Iturripeko derbiari. 

Ford Mugarrik irabaziko balu, matematikoki igoera jokatzeko txartela lortuko luke. Baina badaki puntuak "garestiak" izango direla. "Derbiak bereziak dira beti. Halakoetan sailkapenak ez dauka garrantzirik. Bergarak lan ona egin zuen Askartzaren kontra. Talde polita dauka, eta kontraerasoan oso ondo jokatzen du. Trantsizio azkarrak egiten ditu", esan digu Pablo Gartzia entrenatzaileak. Joko hori mozteko korrika asko  egin beharko dute arrasatearrek. 

Soraluze BKE taldeko entrenatzailearendako, Josetxo Muniategirendako, arrasatearrek duten kanpoko jaurtiketan egon daiteke derbiko kakoa. "Jaurtitzaile itzelak dituzte, eta horiek geratzeko indartsu defendatu beharko dugu. Ford Mugarri talde oso ona da, eta sailkapena da horren adierazle".

Bergararrek partidua irabazten balute, arazo barik jarraituko lukete sailkapenaren erdi aldean, liga bukatzeko hiru partiduren faltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak