Mikel Irizar: "Helduen alfabetatzean eta hedabideetan eutsi egingo zaie orain arteko laguntzei"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko martxoaren 22a

Eskarmentu handia du Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, 1954) euskara elkarte eta euskal hedabideetan. Joan den urtea ezkero Topagunea eta Tokikom elkarteetako lehendakaria da. Bi elkarte horien gaur egungo egoeraz eta, 2013rako dagoen aurreikuspen ekonomikoa oinarri hartuta, aurrera begirako erronkez jardun dugu Irizarrekin.

Jaurlaritzaren aurrekontu proposamena ezagutu aurretik, zalaparta handia ibili da hainbat sektoretan eta euskalgintzak murrizketa handiak aurreikusten zituen. Behin proposamena ezagututa, espero zena bete da?

Jaurlaritzak esanda zeukan %11 jaitsiko zela 2013ko aurrekontua. Eta atal batzuetan ez zela murrizketarik izango, zehazki hezkuntzan, osasunean eta gizarte politiketan. Horregatik, beste ataletan espero genituen murrizketa handiagoak. Azkenean, Hizkuntza Politikarako Saliburuordetzaren poltsa %9 jaistea aurreikusten da, batez bestekoaren azpitik. Beraz, ez da bete hipotesirik txarrena, baina murrizketak datoz.

Eta jakina da non?

Alfabetatzean eta hedabideetan orain artekoari eutsiko zaio, eta hori, duda barik, esanguratsua da. Hedabideetan zehazki abiatuta gaude hobekuntza prozesu sakon batean eta bidelagun ditugu erakundeak, baita baliabideetan ere. Eta hori bereziki estimatzekoa da, kontuan izanda EITBri %17ko murrizketa ezarri zaiola. Baina atal batzuen poltsari eusteak esan nahi du beste hainbat ataletan jaitsiera handiagoak izango direla, eta hori txarra da.

Orduan, zein litzateke zure balorazio orokorra?

Nire ustez, euskararen normalizazioak osorik egon behar luke jaitsi ezin diren atalen artean, eta hori ez dugu oraindik lortu. Baina irudipena daukat erakunde batzuk mugitzen hasi direla norabide horretan. Nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen poltsari eutsi izana, eta Jaurlaritzan bertan batez bestekoa baino zerbait hobeto geratzea. Balizko joera hori indartzeko lan egin behar da orain, sendo.

Zein norabidetan?

Euskararen normalizazioan ziklo berri baten hasieran gaude. Ikuspegiak berritzen ari dira eta aukerak irekitzen, orain garena baino eraginkorragoak izateko helburuarekin. Jauzi garrantzitsua egin daiteke, eragileak suspertzen ari dira. Baina jauzi horrek baliabideak ere behar ditu, eta erakundeen bultzada ere bai. Uztartu beharra dago euskalgintza soziala eta instituzionala, ikuspegiak partekatu, estrategiak adostu eta lankidetza hitzartu. Nork bere aldetik ez du lortuko, elkarrekin lehian are gutxiago.

Hori epe ertaineko lana da, baina epe laburrean ze ondorio espero daiteke?

Krisia hasi zenetik murrizketak metatzen ari dira urtetik urtera. Dagoeneko egitasmo batzuk bidean gelditu dira eta beste batzuk gutxiren faltan daude pott egiteko arriskuan. Horregatik, aurtengo murrizketen eragina are kaltegarriagoa izango da lehendik oso ahul dauden ataletan. Oraindik aurrekontuen lehen proposamenean gaude, maiatza bitartean negoziatu egingo dira. Ea euskalgintzan gai garen hobekuntzak eragiteko.

Topaguneak bihar, zapatuan, du urteko batzarra. Zeintzuk dira mahai gainean izango dituzuen gaiak? 

Alde batetik, ohikoak. Hau da, 2012ko memoria eta diru kontuak  eta 2013ko kudeaketa plana eta aurrekontuak. Hori bai, lana izan dugu iazkoa txukun ixteko eta aurtengo aurreikuspenak berdintzeko, egoera zaila da. Hortik aparte, ezohiko gaiak datozkigu Kongresuen dinamikatik, eta tartean erakundearen deitura bera egokituko dugu. Aurrerantzean, Euskara Elkarteen Federazioa barik, izango gara Euskaltzaleen Topagunea.

Orain urtebete, iazko batzarrean, aukeratu zintuzten lehendakari. Ze balorazio egiten duzu?

Urte betea izan da, mardula. Ohiko lanak egitea doble kostatzen da krisiaren eraginez, eta, horrez gain, ezohiko lan mordoa izan dugu: Kongresuarekin lotutako eztabaida, mugimenduaren eguna, presidente eta egoitza aldaketa... Ahalegin handia egin dugu, baina pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Zein egoeratan da orain Topagunea? Eta ze aurreikuspenekin?  

Hiru urteko hausnarketa eta bi Kongresu eginda, Topagunea indartuta dago, biziberrituta. Bateratu egin gara, elkarteen federazio izatetik mugimendu izatera pasatu gara, enbor komun sendoa finkatuta. Aurrerantzean hobeto beteko dugu gure egitekoa: euskaltzale banakoa aktibatzea eta antolatzea.

Tokikom ere orain urtebete sortu zuen Topaguneak. Ze balorazio egiten duzu? 

Topaguneko 20 hedabidek sortu zuten Tokikom orain urtebete, tartean Goienak. Bagara 30 bazkide, tartean Topaguneakoak ez direnak ere. Azkar eta ondo mugitu gara, argi daukagu egoerari aurre egiteko lankidetza dela modu bakarra. Iaz sukalde lanetan ibili ginen eta aurten, lanen emaitzak bistaratuko dira. Eraginkorrago izatea da helburu nagusia, komunitatearen premiak asebetetzea, herritarrentzat beharrezko izatea. Horretarako, besteak beste, bateratze prozesuak bultzatzen ari gara, Debagoienean orain 13 urte egin zenaren antzera. Goienaren eredua bizi-bizirik dago, ondo egindakoak iraun egiten du.

Hekimen elkartea, herri izaerako euskarazko hedabideen elkartea, ere sortu zen iaz. 50 hedabide batuta, tartean Tokikom. Egiguzu lehenengo hilabeteetako balorazioa, egin denaz eta egiteko dagoenaz.

Tokikomekin gertatzen den moduan, Hekimen sortzea bera da arrakasta. Euskal hedabide ia guztiak batu ditu, elkarrekin aritzeko. Horrek indarra ematen dio sektoreari erakundeen aurrean eta garrantzia gizarteari begira. Tokikomen tokikoak eta Hekimenen sektore osoa, euskal hedabideak egituratzen ari dira hobeak izateko, gizartearen eta euskararen mesedetan. 

Eta non geratzen da EITB? 

Gureak herri ekimeneko hedabideak dira, eta euskarazkoak. EITB hedabide publikoa da, eta elebiduna. Baina EITBn badago euskal adar garrantzitsua, ETB1 eta euskal irratiak, eta hor posible da lankidetza. Are gehiago esango nuke, nik EITBren etorkizuna ikusten dut askoz lotuago beste euskal hedabideekin, bereziki tokikoekin. Horrek emango lioke balio erantsia, eta baita iraunkortasuna ere.

Orain 10 egun eskas zuzendari talde berria eratu zen, tartean Maite Iturbe, zuzendari orokorra, arrasatearra. Izan duzu harremanik harekin? Batzartzeko asmorik?

Oraindik ez gara egon. Aspalditxotik ezagutzen dut Maite eta asko poztu nau haren izendapenak. Ganora handiko pertsona da eta oso ondo ezagutzen du etxea. Gainera, bere lehen adierazpenetan gauza interesgarriak esan dituela deritzot. Asentatzeko denbora beharko du, baina interes handia dut harekin aurrez aurre egoteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak