Debagoiena korrika

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko martxoaren 21a

Beste behin ere argi geratu da Debagoienak bat egiten duela Korrikarekin eta ehunka herritar atera ziren atzo kalera, kaminora, bide ertzera, antxintxika egitera. Aurten, gauerdia jota heldu da gure eskualdera Korrika, gauez, baina jendetza batu da oraingoan ere; bezperan, herri gehienetan, Korrika Txikiak ospatu dituzte eta Antzuolan eta Elgetan atzo.

ARGAZKIAK:

Oskar Elizburu (AEK): "Portatu zarete, debagoiendarrok!"

"Herriko umeek erronka gogorra jarri ziguten nagusioi, demaseko Korrika Txikia eginez. Santamas Komisinoko tronkomobilaren ostean  Inoiz baino luzeago egin zen korrikaldia, baina hala ere 40 minutuan Plaza nagusian ziren. Herri guztia apainduta utzi zuten beraiek egindako marrazkiekin eta mural galanta, plazan, Txatxilipurdikoekin.

Jai giroan, plazan karaokea eta jolasak izan zituzten, fenomeno, beti bezala, plaza bete-bete egin zen eta SUDCekoek prestatutako txokolatada, bikain. Gaztetxoek euskara elkarri ematearen aldeko mezuak irakurri zizkiguten oholtzatik et erabiltzeko erronka egin zioten beren buruei eta beste guztioi. Eskualdeko beste herrietan antzera, baina ezin, ba, guk denetan parte hartu".

Honela jarraitzen du kontatzen: "Maite, Xusti eta Oskar, 8etan eta klaseak bukatutakoan, Elosura joan ginen, afaltzera hango auzokoekin eta Korrikari itxoitera. Demaseko gaupasa genuen aurretik, baina ilusinua sekula baiņo handiagoa, Olaia afalostean etorri da, Antzuolakoak egindakoan.  Ez dakit zer daukan Korrikak, baina gero eta gehiago hunkitzen gaitu. Elosuko auzoak ze ondo tratatu gintuen esan behara dugu, afari mundiala lau perrotan, soinu eta pandero doinuak, kalean dantzan, argazkia...".

"Gero... heldu zen furgonetaren zarata, eta argiak eta emozioa. Kotxeetan joanda, eskualde osoko ibilbidea eta jendetza ikusteko aukera izan genuen, aurreko kotxean, petoak saltzeko furgonetan eta Maitek, San Prudentziotik
aurrera furgoneta nagusian denei animoak ematen, mikroarekin bat eginda, korrikarekin bat eginda. Ikaragarria izan da herri guztietan; jendetza ordu txiki horietan; haur, gazte eta nagusi, korrika eta balkoietan..."

"Ikusi ditugu porru korrikalariak, sute galanta itzaltzera zihoazten suhiltzaileen tropela zarataka eta argiak topera, denboraz sobera geundela eta berrido ere Eroskiko biribilguneari bira bat erregalo...  Eta aipagarria Maala ingurura iritsi eta  han ikusten zen jende marea, ikaragarria, eta Ederlaneko planta nagusiko langile guztiak Korrikari txaloka.  Ezin aipatu dena, gehienez buruak ez duelako ematen".

"Baina aipatzeko modukoa izan da, aurtengoan, denboraz ibiltzea, erritmo motela, gustura joateko modukoa, jendetzak egin ditu kilometro asko eta asko, herrikoak eta ondoko herrikoak ere bai,  aldapan ere ikaragarri".

"Olatu mundiala, tsunamia euskara elkarri ematen, zenbat lekuko aldaketa, zenbat emoziño, zenbat elkartasun".

"Eta hau idaztean logura galanta eta ohera noa eta arratsalderako, agian petsona izango naiz berriro".

"Hau da gauak eman duenaren kronika, buruak gogoratzen duen neurrian kontatua eta bihotzak eredaktatuta".

"Eskerrik asko Debagoiendarroi, portatu zarete eta!"

"Igandean Baionara; autobusa jarri dugu eta han irakurriko da denon eskutik pasatu den lekukoan dagoen mezua, dagoeneko gurea ere badena".

"Zer esango duen badakit: eman euskara elkarri; baina nola eta nork han ikusiko dugu denok, eta polita izango den dudarik ez izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak