Elosun auzo afaria egin dute, trikitilari eta guzti, eta Korrika iritsi ordurako denak zeuden prest ongi etorria egiteko, lehenengo aldiz pasa baita Korrika Bergarako auzo horretatik. Auzo afarian zeuden Oskar Elizburu Gipuzkoao AEKko zuzendaria eta Maite Illarduia, Debagoieneko Korrikako arduraduna. "Debagoienak erakutsiko du nolakoa den, eta harrera beroa egingo dio beste behin Korrikari, ez daukat dudarik", adierazi du Elizburuk.
Elosutik aurrera, Gorlara heldu da Korrikaren furgoneta. Bergarar asko zeuden han zain. Haietako batzuk Antzuolaraino joan dira korrika, tiopi-tapa tipi-tapa.
Ia 10 minutuko atzerapenarekin heldu zen Elosura Korrika, baina minutu batzuk azkar berreskuratu zituen, Antxintxika taldeko kideek egin zituzten hiru kilometroetan korrika baino hegan jaitsi zelako Korrika metro batzuetan. "Lasai, lasai, furgonetaren atzetik beti, lasai", esaten zien furgoneta barruan speaker lanak egiten zituen neskak. Angiozarko eskola txikiaren kilometroa, hango ikasle batek eraman zuen, gelako beste laguntxo batzuk ondoan zituela. Kilometro batzuk beherago suziriekin hartu zuten lekukoa Ernai gazte taldeko kideek.
Bolun ere jendea zegoen Korrikaren zain, espaloian, eta txaloka hartu zuten euskararen aldeko aldarrikapena. Jendea pilatzen joan zen, eta martxa onean, Antzuolarako bidea hartu zuen Korrikak. Jardunek, Udalak edo herriko hiru ikastetxeek eraman zuten lekukoa herri barruko kilometroetan. Udalarena, esaterako, alkateak berak eman zuen, Juanje Amasorrain eta Maren Belastegi zinegotziak ondoan zituela.
Behin Antzuolara helduta, haize-errotak eskuetan zituztela hartu zuten lekukoa Antzuolako gaztetxekoek. Hango alkateak ere egin zituen metro batzuk lekukoa eskuan zuela eta baita AEKn euskara ikasten ari den mutil batek ere.
Oskar Elizburu: "Portatu zarete, debagoiendarrok!"
Hona hemen AEK-ko Oskar Elizburuk Debagoieneko Korrika bukatu eta berehala egin duen kontakizuna eta balorazioa:
"Herriko umeek erronka gogorra jarri ziguten nagusioi, demaseko Korrika Txikia eginez. Santamas Komisinoko tronkomobilaren ostean Inoiz baino luzeago egin zen korrikaldia, baina hala ere 40 minutuan Plaza nagusian ziren. Herri guztia apainduta utzi zuten beraiek egindako marrazkiekin eta mural galanta, plazan, Txatxilipurdikoekin. Jai giroan, plazan karaokea eta jolasak izan zituzten, fenomeno, beti bezala, plaza bete-bete egin zen eta SUDCekoek prestatutako txokolatada, bikain. Gaztetxoek euskara elkarri ematearen aldeko mezuak irakurri zizkiguten oholtzatik et erabiltzeko erronka egin zioten beren buruei eta beste guztioi. Eskualdeko beste herrietan antzera, baina ezin, ba, guk denetan parte hartu".
Honela jarraitzen du kontatzen: "Maite, Xusti eta Oskar, 8etan eta klaseak bukatutakoan, Elosura joan ginen, afaltzera hango auzokoekin eta Korrikari itxoitera. Demaseko gaupasa genuen aurretik, baina ilusinua sekula baiņo handiagoa, Olaia afalostean etorri da, Antzuolakoak egindakoan. Ez dakit zer daukan Korrikak, baina gero eta gehiago hunkitzen gaitu. Elosuko auzoak ze ondo tratatu gintuen esan behara dugu, afari mundiala lau perrotan, soinu eta pandero doinuak, kalean dantzan, argazkia..."
"Gero... heldu zen furgonetaren zarata, eta argiak eta emozioa. Kotxeetan joanda, eskualde osoko ibilbidea eta jendetza ikusteko aukera izan genuen, aurreko kotxean, petoak saltzeko furgonetan eta Maitek, San Prudentziotik
aurrera furgoneta nagusian denei animoak ematen, mikroarekin bat eginda, korrikarekin bat eginda. Ikaragarria izan da herri guztietan; jendetza ordu txiki horietan; haur, gazte eta nagusi, korrika eta balkoietan..."
"Ikusi ditugu porru korrikalariak, sute galanta itzaltzera zihoazten suhiltzaileen tropela zarataka eta argiak topera, denboraz sobera geundela eta berrido ere Eroskiko biribilguneari bira bat erregalo... Eta aipagarria Maala ingurura iritsi eta han ikusten zen jende marea, ikaragarria, eta Ederlaneko planta nagusiko langile guztiak Korrikari txaloka. Ezin aipatu dena, gehienez buruak ez duelako ematen".
"Baina aipatzeko modukoa izan da, aurtengoan, denboraz ibiltzea, erritmo motela, gustura joateko modukoa, jendetzak egin ditu kilometro asko eta asko, herrikoak eta ondoko herrikoak ere bai, aldapan ere ikaragarri".
"Olatu mundiala, tsunamia euskara elkarri ematen, zenbat lekuko aldaketa, zenbat emoziño, zenbat elkartasun".
"Eta hau idaztean logura galanta eta ohera noa eta arratsalderako, agian petsona izango naiz berriro".
"Hau da gauak eman duenaren kronika, buruak gogoratzen duen neurrian kontatua eta bihotzak eredaktatuta".
"Eskerrik asko Debagoiendarroi, portatu zarete eta!"
"Igandean Baionara; autobusa jarri dugu eta han irakurriko da denon eskutik pasatu den lekukoan dagoen mezua, dagoeneko gurea ere badena".
"Zer esango duen badakit: EMAN EUSKARA ELKARRI; baina nola eta nork han ikusiko dugu denok, eta polita izango den dudarik ez izan".