Negu bustia izan da aurtengoa. Izan ere, euri asko egin du eta egun busti asko izan ditugu. Ez da negurik hotzena izan, baina bai freskoa: txingorra eta elurra ere izan ditugu, otsail eta martxoan batik bat. Baina, batez ere, zeru estalizko negu euritsuagatik izango da ezaguna aurtengoa. Eta baita luiziengatik ere… Eta euri jasa etengabeen ondorioz, errekak hazi-hazita ikusi ditugu aurten, behin baino gehiagotan.
Bereziki urteko lehen bi hilabeteetan egin duen euriagatik, txingorragatik eta elurragatik, Urkulu goraino beteta dago: kapazitatearen %100 beteta. 10.000.000 metro kubiko ur batzen du une honetan Urkuluko urtegiak. Pello Zabalak dio aurtengo urtarril, otsail eta martxoan, "urteko erdia bota" duela, prezipitazioari dagokionean.
Negu hezea, hortaz, aurtengoa. Euri askokoa. Baina, bestalde, 44 egun eguzkitsu ere izan direla gogoratu du Pello Zabalak.
"Negu ona, suabea"
Neguaren etorrera, epela eta eguzkitsua izan zen. Abenduan eta urtarrileko lehen egunetan, neguak, epeletik jo zuen, batik bat. Urtarrila eta otsaila, ostera, gogorrak izan dira: fresko eta euritsuak. Petralak.
Pello Zabalak dio, oro har, aurtengo negua "ona edo suabea" izan dela. Udako tenperaturekin hasi zela, egun eguzkitsuekin.
"Bi koskaduna"
Baina, bat batean, etorri zela negua: "urtarrilaren 11n hasi euritan eta 540 litro bota zituen urtarril osoan… Negu hasieraren aurkakoa izan zen. Lau egun izan ziren urtarrilean euri bakoak eta, eguzkitan, 27 ordu, hau da, ia ezer ere ez!" dio Zabalak.
Hortik, martxora bitartean ere antzera, Pello Zabalak dioenez: "13 egun bakarrik euri bakoak". Eta elurra ere egin du, ohiko neguari dagokion moduan.
Hortaz, Pello Zabalak dioenez, bi alde izan ditu neguak: lehena, epela, eguzkitsua; bigarrena, euritsua. "Otsailean eta martxoan, 700 litro bota ditu, urteko erdia". Horrek ekarri ditu luiziak eta abar. "Negua bi koskaduna izan da: oso gozoa hasieran eta euritsua ondoren, ze elurrari ere kosta egin zitzaion etortzea". Halaxe laburbildu du Pello Zabalak aurtengo negua. Otsailean eta martxoan egin du batik bat elurra aurten. "Negu koskatsua izan da: hasiera oso gozoa eta, bat batean, oso euritsua; gero, beste 13 egun gozo eta bat batean elurra ondoren" dio.
Izotzik ez
Pello Zabalak dio, honenbestez, naturarendako ona izan dela negua. Ez delako oso hotza izan eta euri asko egin duelako. "Izotzik apenas egin du. Ez da urte hotzenetakoa izan, epela batik bat, ze euriko egunetan, gauez, ez du hoztu".
Eta, bukatzen du esaten, "negu gozoa eta polita" izan dela, bere iritziz, nahiz eta onartzen duen, segun zeri begiratzen zaion, irudipena ezberdina izango dela.
Egunik euritsuena
Zabalaren esanetan, otsailaren 16a izan zen euritsuena, "60 litrotik gora bota zuen". Eta metro koadroko 30 litroko egunak ere asko izan direla dio.
Ordu aldaketa
Martxoaren 31n aldatuko da ordua aurten, Aste Santuko domekan, hain justu ere. Ordutik aurrera, eguzki orduak gehiago izango dira eta epelagoak izango dora, honenbestez, egunak.
Tenporak ondo
Orain dela ia hilabete izan dira aurten tenporak. Eta elurretan igaro genituen otsaileko egun haiek. "Baina haizeari begiratu behar zaio eta apenas izan zen haizerik. Haize hotza bai, Siberiatik zetorrena, baina Iparretik pasa bazen ere, ekialdeko haize suabe samarra heldu zen hona. Egonkorra. Ez beroa ez eta hotzetakoa ere".
Hortaz, "baketsu samarra" izango dugu aurten udaberria Pello Zabalaren esanetan, haizeari begiratuz gero. Halere, koskak izango dituela ere onartzen du, ez dela hiru hilabeteetan egonkorra izango: "tarteka, ostikoak etorriko dira". Laburbiltzeko, zera dio Zabalak: "Bederatzi aste, politak, baketsuak, eta beste hiru eta erdi gogorragoak izango ditugu udaberrian".
Beste elurterik?
Aste Santuko ilargi berriak elurra ekar lezakeela ere badio Zabalak. Martxoaren 27an ez bada ere, hurrengo bost egunen barruan hotzaldia espero du Zabalak.
Hilabetez hilabete
Pello Zabala ez da ausartzen esaten hilerik hilerik ze eguraldi egingo duen, baina, oro har, emankorrak eta loretsuak izango direla bai. "Lizarra agudo datorrenean, udaberria eta uda onak izaten dira" dio.