Estrasburgon erabakitzen dutena behin betirako izango da. "Bi aldeek euren arrazoiak emango dituzte, gero erabakitze prozesu bat zabalduko da, eta Herriratik ez dakigu noiz amaituko den. Dena dela ere, Espainiar estatuaren partetik, presioa ikaragarri handia sententzia gure aurkakoa izateko. Hala ere, Herriratik espero dugu tribunalaren ebazpenak berretsi egingo duela joan den uztaileko sententzia: 1973ko zigor Kodearen arabera Ines del Rio presoari espetxe zigorra luzatzea "irregularra" izan zen. Hala, 2008az aske behar zuen izan presoa ahal den eta azkarren libre uzteko agindu du epaitegiak", adierazi du Alaitz Arantzabalek, Arrasateko Herrira elkarteko kideak.
Zabarte, Usandizaga eta Azkargorta
Debagoienari dagokionez, hiru euskal presori eragingo die Estrasburgoko erabakiak, hirurek ere zigorraren luzapena ezarrita dutelako: Zabarteren kasuan, 29 urte daramatza kartzelan eta orain, doktrina horren aplikazioarekin beste urtebetez luzatu diote zigorra. Usandizagari dagokionez, 16 urte daramatza kartzelan, eta irteera data izan barik, zuzenean aplikatu diote zigorraren luzapena eta Luis Mari Azkargortari dagokionez, hari aske geratzeko ezarritako data berria da 2018. urteko apirilaren 8a.
Debagoieneko mobilizazioak
Hala, Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an onartutako 197/2006 sententzia salatzeko, eta bereziki, ibarreko presoen egoera salatzeko, mobilizazioak antolatu dituzte gaur gure ibarrean: Arrasaten, 13:30etatik 13:40ra elkarretaratzea egingo dute, San Andresen, Fagorren kanpoko aldean. Eta iluntzean, Arrasaten 19:00etan eta Bergaran 19:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte, eta Oñatin, berriz, manifestazioa iragarri dute, 19:00etan, plazatik aterata.
Pasa berri den asteburuan, berriz, Debagoieneko autobuskada bat Jaengo kartzelan izan da, bertan dauden Zabarte eta Usandizagari babesa eta elkartasuna emateko helburuarekin.