Ikusgarriak, urrun joan barik, gertuan

Jon Berezibar 2013ko martxoaren 21a

Udaberriko oporrak badatoz eta askok plana egina izango dute. Beste askok, ordea, etxea aukeratuko dute atsedenerako. Bada, gurean ere txoko berezi ugari dago. Debagoiendarrei eskatu diegu euren herrikideei alboko herriko txoko kutunak erakutsi eta plana egiteko.

Garazi Beitia (Oñatin praktiketan den antzuolarra): "Oñatiri historiak ematen dion xarmak inguratu egiten zaitu" 

Turismo Bulegoan dihardu praktiketan Garazi Beitiak eta jakin bazekien "Oñatiri Euskal Herriko Toledo" esaten diotela, baina "harritu" egin zuen "herri txiki batek duen aberastasunaren tamainak eta historiak ematen dion xarmak. "Inguratu egiten zaitu", dio. Unibertsitatea da harentzat eraikinik ederrena eta "harribitxia" da bertako dorre baten mudejar estiloan egindako sabaia. Haren gomendioa Turismo Bulegotik pasatzea da: "Monumentu bat ikusi eta polita izan daiteke, baina, historia kontatzen badizute, ederra izaten da". Historia eta mendia, biak nabarmentzen ditu Oñatitik antzuolarrak. Gomendioen artean beretzat aurkikuntza izan dena ere aipatzen du: Gomiztegi baserria. Artzain-txakurrak ikusi eta baserriko gazta probatu beharra dagoela dio Beitiak, eta, behin Oñatin egonda, herri giro apartaz ere gozatu.

-----------------

Aitor Iturriaga (Bergaran lan egiten duen arrasatearra): "Bergara beti da sorpresa bat niretzat, ondo ezagututa ere" 

Hogei urtetik gora dihardu Iturriagak Bergarako udaletxean lanean eta aspalditik ditu ezagunak Bergarako txoko eta bazter eder ugariak. Bat aukeratzekotan, baina, duda gutxi: "Arrasatear gehienek eta, ziur, bergarar askok ezagutuko ez dutena, Agarreko garaia". "Zoragarria" dela dio arrasatearrak eta eredugarria iruditzen zaio Bergaran ondarea gordetzeko egin duten lana, "Arrasaten ez bezala". Miresmena nabari zaio Iturriagari eta esaten du Bergara beti dela sorpresa bat eta beti daudela gauza berriak, hain zuzen. Plan bat proposatzeko eskatuta, mendi buelta suabeak gomendatzen ditu. San Martzialgo bueltatxoa, adibidez, "azokatik irtenda, igo eta bidean ikus daitezkeen etxe eta baserriak ikusgarriak dira, Agarreko garaian amaitu arte". Goiko trenbide zaharreko ibilbidea ere gomendatzen du. Mekolalden lehengo bi trenbideak elkartzen ziren lekutik pasata, "Moyua jauregia ikus daiteke bide horretatik eta herriaren ikuspegi ezohikoa ikusten da". Oñatiren kasuan bezala, Iturriagak ere ezinbestekotzat jotzen du bisitarekin Turismo Bulegoan hastea, "hor emango baitiote bisitariari beharrezko informazio guztia". Antolatutako ibilbide turistiko guztiak gomendatzen ditu hark eta, hain zuzen, berak "behin baino gehiagotan egin" dituela aitortzen du. 

-----------------

Maite Agirre (Arrasaten lanean den antzuolarra): "Kanpandorreko ikuspegiak txunditu ninduen Arrasaten" 

Arrasaten ikasi eta lan egindakoa da Maite Agirre AEDko langilea eta elkartean jarduteak herria oso gertutik ezagutzeko modua eman dio. Erdiguneko bi parke handiek eman zioten arreta handien hasieran eta gogoan dauka "Santa Barbaran bazkaltzen" zuela lehen beti, "oso leku atsegina". Bedoña auzoa ere "zoragarria iruditzen zaio. Bizikletan ibili zalea da Agirre eta inguru hori benetan atsegin du. Ibilbide ideala da Bergaratik hasi eta Oñatira joatea Zubillaga auzoraino eta han, Urkuluko bidean gora Bedoñara iritsi eta Arrasatera jaistea". Bedoñako eliza ere txoko kutun horietakoa du, "lasaia eta ederra". Leku eta ikuspegi ezkutuagoak ere ezagutzeko aukera izan du antzuolarrak. "San Juan Bataiatzailearen kanpandorrera igo eta  Alde Zaharra ikustea luxua" dela esaten du. Arrasateko istorio eta historia bitxiak ere harrigarriak zaizkio. Parrokian bertan dagoen Amandre Santa Inesen momia eta otoitzetatik "Arrasate hiribilduko herritar libreen historia eta Oñatiko Kondearekin izandako borrokak", batez ere. 

-----------------

Valen Moñux (Antzuolan lan egiten duen bergararra): "Antzuolan, Uzarraga eta Lizarraga dira onak paseorako" 

Valen Moñuxek urteak daramatza Antzuolan lanean eta bergararrek "berraurkitu" beharreko herria dela dio. "Bergarar askok ez dakite Antzuolan dagoen bizi kalitatea eta azken urteetan egin diren hobekuntzen berri ez dute jakingo", dio Moñuxek. "Herrigune bera zein polita den ikusi besterik ez dago", eransten du, "eta askok sorpresa hartuko dute, oso zainduta dagoelako eta oso txukun geratu delako". Egun bat aukeratzekotan, bisita egubakoitzean egitea gomendatzen du, "herria kalera atera eta elkartzen den eguna delako, poteorako egun berezia". Hark uste du bergararrak ez direla sarri igotzen Antzuolara eta "pena" dela herriak aldaketa handia izan duelako. Inguru guztia iruditzen zaio paseatzeko egokia, baina bere gogokoenak aukeratzekotan Lizarraga eta Uzarraga auzoak aipatzen ditu. Paseatzeko, "bai iparraldeko zein hegoaldeko auzoak, guztiak" benetan ederrak iruditzen zaizkio Moñuxi. Badu, hala ere, beretzat berezia den txokoa: Antiguako parketxoa, "bere ur-putzuarekin".

-----------------

Saioa Altzua (Eskoriatzan lan egiten duen arrasatearra): "Eskoriatzan, Atxorrotz eta Zubiate ezinbestekoak dira"

Saio Altzuari ere lanlekuak eman dio herria modu berezian ezagutzeko aukera, Ibarraundin baitabil, eta oso ondo ezagutzen du, hortaz, Eskoriatzan zer aurki  daitekeen, eta historiaren berri ere badaki arrasatearrak. Garbi asko dauka Altzuak Eskoriatzan nahitaezko bisita ugari dagoela, eta bi benetan interesgarriak: Atxorrotz mendia eta bertako indusketak eta Zubiateko labea, "Euskal Herrian bakarrenetakoa". Atxorrotz da, noski, Eskoriatzako ikur eta leku ezin ederragoa.Hari ere Eskoriatzan ondarea zaintzeko egindako ahaleginak ematen dio arreta. Eskoriatzan errota bat martxan ikusteko aukera urri horietako bat ere badagoela dio eta bere gomendioen artean ere hura badago. Horrez gain, baditu txoko bereziak eta gomendatzen duen ibilbide labur baina polit bat. "Eskoriatzako uharka zaharretik hasi", azaltzen du, "eta Bidebarrietatik gora doan bidea" aipatzen du. Antza, bertatik herria osorik ikusten da eta gomendatzen duen ikuspegia da.

-----------------

Felix Irizar (Elgetan bizi den bergararra): "Elgetan, Asentzion egingo nuke egun-pasa plana familiarekin" 

Felix Irizarrek Elgeta bizitoki moduan aukeratu zuen eta ez zaio inondik inora erabakia garbatu. Azaltzen du betidanik ezagutu duela Elgeta, baina bertara bizitzera joan aurretik herriaren bizimodu ederraz jabetu barik zegoela kontatzen du. Bisitariei Elgeta ezagutzera emateko paseatzea gomendatzen die, eta gerrari buruzko museoa eta ibilbide tematikoa ezinbestekoak iruditzen zaizkio, "batez ere, Intxorta magalean dauden lubakiak". Hain zuzen, mendi hori, Intxorta famatua, herriko txokorik gogokoenetakoa du bergararrak. Galdetuta, plan bat baino gehiago etortzen zaizkio burura Irizarri, baina egun-pasarako, janaria hartu eta familiarekin egoteko, adibidez, Asentzio iruditzen zaio txoko polita. Aitortzen du Elgetan bizi aurretik ez zuela herria askorik ezagutzen. Hura ere bizikletazalea izanik, sarritan ibilita zegoen mendatean gora eta behera, eta pasatzerakoan herri txukuna zela pentsatu izan du beti. Behin bizi izatera joandakoan, hori eta gehiago iruditzen zio Elgeta. "Oso herri majoa da, bai polita delako eta baita giro ona dagoelako". "Leku oso eguzkitsua da", dio: "Bai, behintzat, Bergara baino gehiago, eta hemendik sekulako ikuspegiak daude". Horrek konbentzitu zuen Elgetan geratzeko, antza. Haren ibilbide faboritoa Intxortara igotzea da, baina Elgeta, dagoen lekuan egonda, ibilbide erraz eta ederra egiteko herri paregabea da, mendia bertan dagoelako. Azkonabieta ingurua ere aipatzen du, beste gomendio bat ematearren. Eta ezin aipatu batik utzi Athleticeko lagunartea, dio, barrez. Harentzat planik onena lagunartearekin elkartu eta Athleticen partidua ikustea da. 

-----------------

Debagoieneko txoko kutunen zerrenda

Antzuola: Uzarraga eta Lizarraga auzoak paseatzeko. Antiguako parketxoa lasai antzean ibiltzeko.

Aramaio: lasai bazkaldu eta egoteko Marixeka ala Eguzkierripako Andra Maria. Orixoleko mendi txangoa.

Aretxabaleta: Galartza auzoa eta bertako hilerria. Mendiola inguruan egin daitezke hamaika txango.

Arrasate: Bedoña auzoa eta bertako eliza. Bidegorria hartu eta Aramaio arteko bidea.

Bergara: Agarreko garaia eta San Martzial. Ibilbide tematikoak historian barrena.

Elgeta: Asentsio ingurua familiarekin plana egiteko. Intxorta mendiak historia eta natura aldetik ematen duena.

Eskoriatza: Atxorrotz mendia bera eta indusketak ikusteko. Zubiateko labea Euskal Herrian bakarrenetakoa da.

Leintz Gatzaga: gatz museoa eta Leintz bailararen historia. Dorleta inguruan eta Landara arteko txangoak.

Oñati: Unibertsitatea, ibarreko monumentu nagusi moduan. Gomiztegi baserrira bisita eta gazta dastatzea.

-----------------

Antolatzea, onena

Inguruko herriak ongi ezagutzen baditugu ere, historia eta monumentuak ezagutzeko aberasgarria izan daiteke bisita gidatuen berri izatea. Aste Santuan eta Pazko astean Bergarako eta Oñatiko Turismo Bulegoak zabalik egongo dira. Elgetan museoan eta Arrikrutzen ere bisita gidatuak egongo dira aipatutako egunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak