Enpresa txiki eta ertainendako maileguak eta atzerrira zabaltzeko laguntzak onartu dituzte erakundeek

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 19a

Eusko Jaurlaritzak 300 milioi ipini ditu enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei diru-maileguak emateko. Zati handiena, 280 milioi, enpresendako izango dira. Bestalde, Foru Aldundiak ere laguntza batzuk onartu ditu, kasu honetan atzerrian zabaltzeko: 775.000 euroko dirulaguntzak banatuko ditu enpresa txiki eta ertainen artean.

Eusko Jaurlaritzak 300.000.000 euro ipiniko ditu Enpresa Txiki eta Ertainak eta  Autonomoak Finantzatzeko Fondorako. Hala, enpresa horiek eta autonomoek hiru, bost edo zazpi urteko epea eta %4,80ko interesa duten maileguak eskatu ahal izango dituzte. %4,80 horri euriborra gehi %3,5 bat, eta finantza-erakundeen komisioari dagokion %0,75a gehitu behar zaizkio.

Mailegu horiek emateko, interesa duten finantza-erakundeekin eta berme-sozietateekin hitzarmena egingo du Eusko Jaurlaritzak.

Enpresa txiki eta ertainendako izango da diru gehiena, 280 milioi, hain zuzen, eta 50.000 eta 650.000 euro arteko kredituak eskatu ahal izango dituzte; eta autonomoendako, beste 20 milioiekin, 10.000 eta 100.000 euro arteko kredituak egongo dira aukeran.

Europako Batasunak agintzen duenari kasu eginez, krisian dauden enpresek ezingo dituzte laguntza horiek jaso.

Horren guztiaren berri eman dute gaur Josu Erkoreka bozeramaileak eta Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasun sailburuak.

Kanpoko merkatuetan zabaltzeko, 400.000 euro

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak 775.000 euroko dirulaguntzak arautzen dituzten bi dekretu onartu ditu gaur. Dekretuetako bat atzerrian produktuak merkaturatzeko programa da. Gipuzkoako enpresek ekoizten dituzten produktuak merkatu berrietara ailegatu daitezen lortzeko 400.000 euroko laguntzak izango dira enpresa txiki eta ertainendako.

2012an, 42 enpresak jaso zituzten programa honetako laguntzak. Brasilen eta Estatu Batuetan saltzeko ahaleginak egin zituzten Gipuzkoako enpresa horiek. Hain zuzen, bi herrialde horietarako zen aurkeztu ziren produktuen %32. Txina zegoen atzetik, %10ekin eta Mexiko ondoren %7rekin. Gainontzeko saioak Australian, Kolonbian, Txilen, Errusian eta Kanadan egin ziren.

Teknologia arloko enpresei laguntza berezia

Diputatu Kontseiluak onartutako beste dekretuaren bidez 375.000 euro emango dira, Gipuzkoako enpresei laguntzak emateko Europako Batasunaz kanpoko herrietan lantegiak irekitzeko inbertsioak egiteko. Laguntza horiek Gipuzkoako produkzio enpresentzat nahiz zerbitzu enpresentzat dira.Dekretuak laguntza berezi bat eskaintzen die Oinarri Teknologikoko Enpresa Berriei, betiere txikiak edo ertainak badira.

Gipuzkoako enpresek filialak sortzea, zabaltzea edo erostea lagunduko da, baldin eta Gipuzkoako enpresak partaidetzan gehiengoa baldin badu, eta gutxienez 750.000 euroko inbertsioa egiten bada proiektuan. Oinarri Teknologikoko Enpresa Berrien kasuan 100.000 euroko inbertsioa nahikoa izango da, eta zerbitzu enpresen kasuan 350.000 euroko gutxieneko inbertsioa ezarri da.

Iaz, sei enpresa

Nazioartekotzea bultzatzeko programaren 2012ko deialdian Gipuzkoako 6 enpresari eman zitzaien laguntza nazioartean lantegiak irekitzeko inbertsioak egiteko: zehazki, Estatu Batuetan, Txinan, Errusian, Brasilen (2 proiektu) eta Perun. Horrez gain, Gipuzkoako bi enpresak Estatu Batuetan merkataritza ezarpenak egiteko laguntzak jaso zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak