1. Ekainean hamar urte beteko dituzu profesionaletan. Nolabait ospatzeko asmorik?
Ez. Data horietan eskuz banakako txapelketaren finala ere izan ohi da; ea han egon eta txapela irabazterik dudan. Ez badut irabazten, ez da ospatzeko ezer egongo.
2. Hamar urtean zertan aldatu da pilota?
Aldatu da, bai. Gaur egun gero eta gazte gehiago joaten dira frontoietara eta lehen baino abiadura handiagoarekin jokatzen da. Egon da eboluzioa, eta datozen hamar urteetan ere egongo da.
3. Ia 800 partiduren ostean bada bereziki gogoratzen duzunik?
Batez ere, debutaren egunekoa eta Gasteizen Aimar Olaizolaren kontra jokatu nuen lehen buruz burukoa, 22-1 irabazi nionekoa.
4. Partiduko pikeak 22. tantoan amaitzen dira?
22. tantoan eta beste bost minutuan; batez ere, ez zarenean gustura geratu. Baina aldagelan sartu, bost minutu pasa eta betikora buelta! Ondo konpontzen gara: frontoian gertatutakoa frontoian geratzen da. Gero, kontrarioarekin afaltzera joan beharra badago, joan egiten zara.
5. 2006an hiru nagusiak irabazi zenituen. 2013an ere bai?
Oso zail dago. Zaharragoa naiz eta arerioak asko jokatzen dabiltza. Baina saiatu, saiatuko gara...
6. 2006an eskuz binakakoa irabazi zenuen Eulaterekin. Egun, txapel gehiago dituzu, baina euskaran hura da irabazle. Gaindituko duzu?
Zaila. Lotsatiagoa naiz ni; euskaraz hitz egiteko oso seguru egon behar dut. Bizitza luzea da; ea inoiz kameren aurrean euskaraz hitz egiten dudan. Emazte eta alabarekin saiatzen naiz egiten, baina etxetik kanpo lotsa handia ematen dit.
7. Txikitatik nahi zenuen pilotari izan. Eta lortu izan ez bazenu?
Ez dakit. Ikasketak utzi nituen... tontoa izan nintzen. Baliteke lantegi baten egotea; edo suhiltzaile izatea, baina horretarako asko ikasi behar da. Pribilegiatua naiz: gutxi bizi dira gustuko dutenetik.
8. Frontoian jeniodun pertsona ikusten zaitugu; frontoitik kanpo?
Ateraldi hori beti dut. Frontoian badut jenioa, baina gaseosa bezala naiz: tapoia irekitzen duzu, gasa irteten da eta gero ezerezean geratzen da. Jenioa izan behar da, inori errespetua galdu barik.
9. Bromazalea ei zara. Azkena?
Egunero ari naiz adar joka; broma asko egiten ditut, baina niri ere egiten dizkidate. Bromazaleak jasotzen ere jakin behar du.
10. Arhane alabak badu pilotarako talenturik?
Esateko goiz da, baina gustatzen zaio partiduak ikustea, baita pala txiki batekin jolastea ere. Pilotari izan nahi balu lagunduko nioke; futbolari edo atleta izateko ere bai.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Irribarre iraunkorra jarriko nioke mundu guztiari; eta agintean, berriz, ondo agintzen dakien bat jarriko nuke. Horren falta ikusten dut: goian daudenek ez dituzte gauzak batere ondo egiten eta jendea ere ez dut oso gustura ikusten. Mundu guztia zoriontsua izan dadila".