Udako abenturak aurkeztu dituzte gaur Txatxilipurdi, Jardun eta Pil-Pilean euskara elkarteek

Jagoba Domingo 2013ko martxoaren 19a

Badira urte batzuk Txatxilipurdi, Jardun eta Pil-Pilean euskara elkarteak udalekuak antolatzeko elkarlanean hasi zirela. Bada, aurten ere, eskaintza zabal eta interesgarria prestatu dute uztailerako. Aisialdian, hezkuntza ez formalean eta baloreak transmititzean oinarrituriko udalekuak dira gaur aurkeztu dituztenak.

Eskaintza hiru adin tarte ezberdinetako gazteei bideratuta dago; 9-12 urte artekoak Zerainera joango dira; 12-14 urte bitartekoak Arabako Otaza auzoko Garaion proiektuan parte hartuko dute, edota, Txatxilipurdik antolaturiko Orioko Zingira kanpinera joateko aukera izango dute. Eta 14-16 urte artekoak Kosta ala kosta abenturan parte hartzeko parada izango dute. Hauek Ozaetan hasiko dute ibilbidea eta Zarautzeraino joango dira oinez Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutuz. Esperientzia guzti hauekin, gazteengan kontzientzia piztea nahi dute.

Azken urte hauetan lortutako esperientzia erabiliz, abentura ahaztezinak bizitzeko aukera luzatu nahi diete ibarreko gazteei, euskara lokarri bezala izango dituzten udalekuetan. Hala ere, euskararen erabilera sustatzeaz gain, beste balore garrantzitsu batzuk jorratuko dituzte. Adibidez, gazteen autonomia, naturarekiko harremana, hezkidetza edota kultur aniztasuna.

 

Etzi, martxoaren 21ean, hasiko da izen emate epea, eta maiatzaren 10era arte posible izango da udako abenturetan parte hartzeko izena ematea Txatxilipurdi, Jardun eta Pil-pilean elkarteen egoitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak