Erlijiotik kanpoko heriotza-errituek ere badaukate bere lekua

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 19a

Eliza Katolikoaren heriotza ondorengo errituez kanpo geratu nahi dutenek gero eta aukera gehiago dituzte horretarako. Azken urteotan, hileta zibilak baimentzeko eta arautzeko udal ordenantzak egiten joan dira Debagoieneko udalak, eta herri gehienetan aukera hori badauka eskaera egiten duenak. Era berean, Debagoienean ere egin izan da hileta musulmanen bat, nahiz eta bailaran hil izan diren musulman gehienen kasuan, kanpotarrak izanda, jatorrizko herrialdera bidali izan dute gorpua. 

Debagoienean, beraz, bada hileta zibila egiterik, baina, oraingoz, ez dago ehorzketa-leku edo hilerri laikorik. Esan behar da herriko hilerriak, berez, zibilak direla, ez dira erlijio jakin bateko sinestunendako bakarrik, nahiz eta, Euskal Herrian erlijio katolikoak historian izan duen indarrarengatik, oraindik ere hilerriak giro eta estetika erlijiosokoak dira. Sinestunak ez direnek bi aukera nagusi dituzte: herriko hilerrian ehorzketa edo errautsak gordetzea, eta han izatea oroimenerako lekua; edo 

Hilerri zibilak oso ezohikoak dira, orokorrean, baina hemendik gertuan badago bat, eta denondako zabalik dago. Hain zuzen, Eskuernagan dago, Arabako Errioxan. 

Testuinguru ateoa 

Eskuernagakoa da Joseba Ibañez. Ibaola Harriak izena eman dio ia hektarea bat hartzen duen lur-eremu horri. Horren berri ematen hasi da, eta lagun aretxabaletar batzuen bitartez, Debagoieneko jendearengana ere zabaldu nahi izan du aukera hori. "Hilerriak, teorian, ez dira bakarrik katolikoendako, eta norberak nahi duena ipin dezake hilarrian; baina testuingurua, ingurunea, erlijiosoa da hilerrietan, sinbolo erlijiosoz josita daude, eta ez dago ateoondako testuingururik. Hilerri honetan, erlijioak onartzen ez ditugunon filosofiarekin bat datorren testuingurua sortu nahi izan dut", esaten du Ibañezek. 

Ibaola Harrietan, hildakoaren errautsak banatu eta hildakoa gogoratzeko harria izan dezake norberak, nahi duen sinbolo edo idatziarekin edo nahi bezala landuta. Horrez gain, errautsak banatzerakoan gerta daitezkeen arazoak edo trabak konpondu nahi dira: "Mendian-eta sakabanatzen dituzte askok hildakoaren errautsak, baina lekuaren erreferentzia galdu egiten da, eta gure kulturak hildakoak leku batekin lotzen ditu. Bestetik, askok leku publikoetan, mendi publikoetan ipintzen dituzte monolitoak eta oroitarriak, eta ingurumena nahastu egiten da horrela". Gaineratu behar da norbaiten errautsak itsasora, mendira edo beste leku publikoren batera botatzeko, aurrez baimena eskatu behar dela. 

Hilerri ateo horrekin, errautsak "leku zehatz, zaindu eta arautu baten" uzteko aukera eman nahi du Ibañezek, "gure artean egon zen hura gogoratzeko harri batekin". 

Ibaola Harrietan atseden-tokia gura duenak ordainketa bakarra egin behar du: "Hainbat neurriko harriak daude aukeran; gehienak angeluzuzenak dira, metrotik bi metro artean, eta 500 eta 1.000 euro artean kostatzen dira, tamainaren arabera. Norberak nahi duen erreferentzia edo izena daukan plaka ipin diezaioke. Familiari edo gertukoei errautsak eta harria gutxienez 20 urtean han izango direla ziurtatzen duen dokumentua ematen diet. Eta gero, beste senide bat hiltzen bada, plaka aldatu daiteke".

Ingurua biziberritu 

Denondako zabalik dago Ibaola Harriak; errautsak bertan nahi dituztenendako, senideendako zein beste guztiondako. "Bisitarako guztiz zabalik dago. Senideren baten errautsak bertan dituenarendako, urtean behin etortzea nahikoa izan daiteke; inguruan janari eta ardo-turismo pixka bat egin daiteke, inguruneaz gozatu eta norberaren hildakoak omentzeko behar hori paseatzearekin eta ingurumenarekin lotu". 

Joseba Ibañezek Eskuernaga inguruak bisitatzera animatu nahi du, bide batez: "Lur-eremu hori, garai baten, mahastietarako erabili zen, baina ikusi nuen berriz horretan sartzeak ez zuela errentagarritasunik izango. Harria lantzea asko gustatzen zait, betidanik, eta hasieran, neuretako hilarria ipini nuen. Gero etorri zitzaidan jendea galdezka, ea euren errautsetarako ere lekua utziko nien. Horrela etorri da hilerriaren kontua. Bide batez, hainbeste mahasti egoteak pobretutako ingurune bat biziberritu nahi izan dut".

Hileta zibiletan, eduki libreak 

Inguruan ez dago halako hilerri ateoren erreferentziarik; eta Joseba Ibañezek dio urrutian berak ere ez duela aurkitu. Baina badaude hileta zibilen erreferentziak, inongo erlijiotik kanpo egiten direnak. Hala, Debagoieneko udalek dagoeneko horien gaineko ordenantzak dituzte; gehienak 2010ean eta 2011n onartu ziren. Oraingoz, halako hileta gutxi egin izan dira.

Hileta zibila egiteko aukera dauka edozein herritarrek. Normalean, hildakoa dagokion herrian erroldatuta izana eskatzen da hileta zibila bertan egin ahal izateko. Prozedura erraza da: eskaera-formularioa bete behar da eta alkateari zuzendu edo, auzo baten egin gura bada, auzo-alkateari. Udal bakoitzak hileta zibiletarako erabil daitezkeen lokal, leku edo ekipamendu batzuk ditu izendatuta, eta horietako bat eska daiteke. Herriz herri, honako lekuak daude hileta zibilak egiteko eskatzeko moduan: Arrasaten, Aldaiko parkea eta San Kristobalgo hilerria; Bergaran, Kataibiako plaza eta Angiozar, Osintxu, Elosua, Elorregi, Basalgo edo Uberako auzotarrendako, auzoko pilotalekua; Oñatin, Santa Ana antzokia eta kanpoaldea; Eskoriatzan, Ibarraundi museoa, pilotalekua, Santa Marina plaza eta Eduardo Gorosarri plaza; Aretxabaletan, udaletxe osteko lorategia eta Iturrigorri frontoia; eta Antzuolan, frontoia eta eskolako aterpea.

Hileta zibilak, funtsean, omenaldi ekitaldiak dira eta, hala diren neurrian, edukia nahiko librea da. Herri batzuetan, udalak zenbait borondatezko hizlari dauzka, ekitaldi horietan hitz egiteko gertu egoten direnak. Antolatzaileendako zentzuzko baldintza gutxi batzuk daude, hala nola leku publiko hori errespetatu, erabili behar den materiala batu, eskaera-orrian adierazi den gehieneko iraupena bete eta antzekoak. 

Hileta zibilen gaineko berezitasun bat hau da: berehalakotasunaren printzipioaren arabera arautuko direla, eta horretarako, alkateak edo ordezko zinegotziak behar diren neurriak hartu ahal izango ditu. Gainera, lokal horiek erabiltzeko ordenan, lehentasuna izaten dute hiletek.

Norberak eska dezake hileta egin gura duen eguna eta ordutegia, eta Udala, ahal duen neurrian, hura betetzera konprometitzen da. Esan behar da oso aukera zabala dagoela hileta zibila programatzeko: herri batzuetan, astelehenetik domekara, goizez edo arratsaldez egin daiteke; beste batzuetan, astelehenetik zapatura. Eta, herri batzuetan, gainera, beste artikulu garrantzitsu bat dago: behar den dokumentazio guztia aurkezten bada eskaerarekin batera, hura automatikoki onartuta ulertuko dela. Bergarako ordenantzak esaten du hori, adibidez.

Erlijioetako liturgietatik kanpoko hileta egin gura denean, edozein modutan, hileta-zerbitzu enpresek egin beharreko tramiteak oso antzekoak dira. Enpresa horiek ere hasi dira omenaldi zibilak antolatzen, hala eskatzen dietenean. Hala, Arrasateko San Felipe Apostolekoek orain hilabete inguru antolatu zuen orain azkenekoa. Oñatiko Moyua hileta-zerbitzu enpresako arduradunak beste adibide bat ematen digu: "Bai, antolatu izan ditugu hileta zibilak. Tanatorioa erabili izan dute eta, gero, kutxa kanpora eroan eta hantxe egin izan dute ekitaldia". Hileta-zerbitzu enpresak egin beharrekoa "beste kasuetan bezalakoa, berdin-berdina" izaten da hileta zibiletan.

Hileta musulmana 

Hileta ekitaldia erlijioetatik kanpo egin gura dutenak dauden bezala, Debagoienean badira katolikoa ez beste erlijioren bat dutenak ere. Multzo handiena musulmanek osatzen dute. Debagoienean hileta musulmanik egin izan da: hala, 2006an, Bergaran hil zen pakistandar baten omenezko hileta egin zuten, Ipintzako futbol zelaian –cricket-ean jokatzeko erabiltzen duten lekua ere bada, leku esanguratsua hortaz–, eta gero, Pakistanera bidali zuten gorpua, han ehorzteko. 

Musulmanen kasuan, euren erlijioak agintzen duen modura ehortzi behar dituzte; besteak beste, ez dute hil-kutxarik erabiltzen, zuzenean lurra ukitu behar du gorpuak, eta horrek oraindik arazoak sorrarazten ditu hemengo arauekin. Beraz, orain arte, Debagoienean ez da musulmanik ehortzi; normalean, hildakoan gorpua jaioterrira bidal dezaten asegurua izaten dute. Ikusi egin beharko da hemen jaiotako musulmanekin zer gertatuko den.

Oraingoz, Euskal Herrian, lur-eremu bakarra dago espresuki musulmanak ehorzteko: Derioko hilerriko 450 metro koadroko lur-zati bat, Udalak horretarako utzitakoa. Bertan ehorzteko, bilbotarra izatea edo Bilbon hil izatea eskatzen da.

-----------------

Joseba Ibañez (hilerri ateoa egin du): "Nik oinarria ipintzen dut norberak bere gustu estetikoa egin dezan"

Zaletasun batetik –harria lantzea– eta uste sendoetatik –erlijioen aurkako jarrera– etorri da Ibaola Harriak hilerria.

Noiz hasi zinen lur-eremu hori prestatzen? Orain urtebete inguru. Harriak ipintzen, lantzen… hasi nintzen, zaletasunez. Neuretako ipini nuen harri bat, baina gero, jendearen komentarioak entzunda-eta, Interneten-

eta, konturatu nintzen ateook ez geneukala gure errautsetarako lekurik.

Hartu du dagoeneko inork lekua hilerri horretan? Oraindik ez, baina bati orain hilabete egin nion harri bat. Dena dela, hilerri ateoen erreferentziarik ez dago, eta jendeak horrelako gauzak bereganatu egin behar ditu, konbentzituta egon. Bizi osoan sartu dizkiguten tradizio eta eredu sozialei buelta ematea ez da gauza erraza.

Hilerria errautsetarako bakarrik da, ezta? Bai. Gorpuak ehorzteko, osasun arau zorrotzak daude. Hilerri horren beste helburu bat hau da: errautsak edonon banatzeko dagoen joera kontrolatzea. 

"Antzinako errituak" aipatzen dituzu… Bai. Antzina, hildakoak bere harrien artean lurperatzen zituzten, edo dolmenetan errausten zituzten gorpuak…   Beste ohitura batzuen arabera, senideendako hamarretakoa ematen da, aurreskua dantzatzen da… Asmoa da hildakoaren pertsonalitatearekin bat datorren zerbait egitea, eta norberak bere zentzu estetikoa dauka. Nik oinarria ipintzen dut, gero norberak bere gustua egin dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak