Eraikuntza arloko formazioa jasoko dute 10 gaztek, eta bi lanpostu sortuko dira

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 19a

Zabalik dago Gazteak Prest Lanerako Debagoienean programan izena emateko epea; eta, horrekin lotuta, programan irakasle eta lantalde-buru izango diren bi langile langabetu kontratatzeko deialdia. Horrez gain, hainbat ikastaro espezializatutan izena emateko epea ere hasi da. Debagoieneko Enplegu Planaren barruan zabaldu dira aukera horiek guztiak.

Gazteak Prest Lanerako Debagoienean sei hileko prestakuntza eta praktikaldia da. Helburua da eraikinen eta hiri-altzarien mantenua irakastea: besteak beste, iturgintza, elektrizitatea, arotzeria eta igeltserotza. Ikasi eta gero, hiru hileko praktikak egingo dituzte ikasleek, aurrez udalek proposatutako mantenu lanak eginez.

Formazio hori jaso nahi dutenak lan esperientzia duten langabeak izan behar dira, 20 eta 30 urte artekoak. 10 partaide hartuko dituzte. Hiru hileko formazio teorikoa eta hiru hileko praktikak egingo dituzte. Izenematea Arrasaten Lanbidek duen bulegoan, Mankomunitatean edo udaletxeetan egin behar da apirilaren 8a baino lehen.

Ikasleak bi taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzeko burua izango den pertsona kontratatzeko deialdia egin du Mankomunitateak. Bi lanpostu dira, beraz, sei hilabeterako, 2.100 euroko soldatarekin. Talde-buru batek elektrizitatea eta iturgintza landuko ditu, eta besteak, igeltserotza eta arotzeria. Gutxienez bi urteko lan-esperientzia izan beharko dute esandako arloetako baten, eta HE3 edo EGA titulua izan edo, ez balu, Euskara Zerbitzuak egingo duen proban egiaztatu euskara maila. Apirilaren 22a da lanean hasteko aurreikusitako data.

Langile langabeendako ikastaroak

Azkenik, hainbat ikastaro espezializatu antolatu ditu Mankomunitateak, Debagoienean erroldatuta dauden langile langabeendako. Hauek dira ikastaroak: bizikleta elektrikoetan mantenua, eraikuntza arloko programa informatikoak, energia berriztagarrien eraginkortasuna, gaixotasun neurodegeneratiboetako zaintza aringarriak eta sukaldari laguntzailea. Izenematea epea zabalik dago apirilaren 8ra arte, Lanbiden, Mankomunitatean eta udaletxeetan.

Argibide gehiagorako, jo Mankomunitateko Garapen Agentziara (943 79 30 90).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak