Korrikarako motorrak berotzeko, festa Debagoienean

Goiatz Arana Begiristain 2013ko martxoaren 15a

Hilaren 21ean igaroko da Korrika gure bailaratik, eta debagoiendarrek antxintxika bai, baina festa giroan egingo dute. Aurretik ere bada nahikoa festa, ordea, badatorrela-eta: Debagoieneko herri denetan ari dira ekintzak egiten azken egunetan, eta hemendik 21era bitartean are gehiago izango dira. Albiste barruan, egitaraua herriz herri.

'Euskalduna naiz eta harro nago', Antzuolan

Antzuolan, eguazten iluntze-gau parterako antolatu dituzte ekintzak: 19:00etan, Euskalduna naiz eta harro nago antzezlana izango da Gaztetxean; eta 21:00etan afaria, Gaztetxean bertan. Gisa horretan, motorrak berotuta, gauerdia pasata, 01:15ean, testigua hartu eta korrika egingo dute herriko kaleetan barrena.  

Korrika hasi eta korrika jarraituko dute eguenean: Herri ikastetxearen eskutik, Korrika txikia ospatuko dute 16:00etatik aurrera.  

Korrikaren aldeko jaialdi handia 22an, Aramaion

Korrikaren 18. edizioa ez da Aramaiotik pasako, baina horrek ez du esan nahi aramaioarrek ez dutenik bat egingo AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko martxarekin. Urtarrilaren 24a ezkero herriko eragile ezberdinak ordezkatzen dituen Korrika batzordea lanean ari da buru-belarri.

Egitarau zabala antolatu dute: domekan, martxoak 17, Laburbira film laburren emanaldiak geldialdia egingo du kultur etxean, 18:30ean; datorren egubakoitzean, San Martin eskolako umeek Korrika Txikia egingo dute; eta egun berean, jaialdi handia egingo dute kiroldegian (bertsolariak, dantzariak, trikitilariak, musikariak…). Sarrera bi euro ordaindu beharko da; salgai jarriko dira gaur bertan herriko tabernetan.

Aretxabaletan, gaur bertan

Aretxabaletan, gaur bertan egingo dute jaialdia, Korrikaren aitzakian; arratsaldean izango da, Herriko Plazan, 17:30ean hasita. Gaitariak, txalapartariak eta bertsolariak arituko dira giroa alaitzen; eta rock doinuak ere entzun ahal izango dira herriko musikarien eskutik. Horrez gainera, aurpegiak margotzeko gunea egongo da, eta balance bike delakoetan ibiltzeko aukera.

Arkupen, Gaztelekuko lagunek eginiko bideoa eskainiko dute, 18:30ean. Eta Basotxo erretiratuen elkarteko lantalde bat txistorra eta txorizoa prestatzeaz eta ardoa zerbitzatzeaz arduratuko da.

Baina gaurkoa ez da izango Korrikaren inguruan antolatutako hitzordu bakarra: euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren etorreraren bezperan, Korrika 18 Txikia egingo dute Herriko Plazan, 17:30ean. Trikitilariek girotuta, erraldoi eta buruhandiak arituko dira eta txokolate-jana ere izango da.

Korrika jaiakdia Aretxabaletan, 2011n.

Herri osoa inplikatuta, Arrasaten

Eguenean, goizaldeko bostak aldera, iritsiko da Korrika Arrasatera, eta euskararen aldeko martxarekin bat egin gura duten arrasatearrak goiz esnatu beharko dira, beraz.

Egun handia iritsi bitartean ere gozatzeko hainbat eta hainbat aukera izango dituzte:

  • Gaur, egubakoitza, martxoak 15, 19:30ean, bertso jaialdi berezia, Kulturateko areto nagusian.
  • Zapatua, martxoak 16, hileko hirugarren zapatuko baserritarren azoka egingo da bihar Seber Altube plazan, eta Korrikarekin bat egingo du: trikitilari eskolakoen emanaldia, erraldoi eta kilikien konpartsa, dantzariak, argazki erraldoia, Korrika postua eta saiheski pintxoak.
  • Domeka, martxoak 17, 09:00etan, Arrasateko mugarriak ezagutzen mendi irteera gidatua.
  • Eguaztena, martxoak 20, Korrika Txikia (15:00etan, ibilbidea; eta 16:00etan, txokolate-jana, karaokea eta jolasak).
  • Eguena, martxoak 21,  05:00etan, Korrikari ongi-etorria.
  • Egubakoitza, martxoak 22, 22:00etan, Esne Beltza taldearen kontzertua, Gaztetxean.

Bergaran ere, Korrika!

Jada hainbat ekintza eginda, Korrikari harrera egiteko prestatzea besterik ez zaie falta Bergaran: eguaztenean, hilak, Korrika Txikia egingo dute 15:20ean San Martin eskolatik abiatuta; eta ostean, indarrak berritzeko txokolatea eta jolasak izango dira Herriko Plazan, 17:00etatik Aurrera.

Gauerdia pasatxo sartuko da Korrika Debagoienean. Bergaratik sartuko da, Elosuatik, eta bertako auzotarrek harrera ikaragarria egin asmo diote Korrikari: Azkaiter Peloxek girotutako afaria egingo dute, Altzasu elkartean.

‘Errimak Oinetan’, Elgetan

Domekan, hilak 17, izango da Elgetan Korrikaren inguruan antolatutako lehen ekintza: Haatik taldeak Errimak oinetan ikuskizuna eskainiko du Espaloia kafe antzokian, 19:00etan. 

Hilaren 21ean, bestalde, Herri Eskolak Korrika Txikia egingo du, 15:00etan hasita. Amaitutakoan, Korrikako materiala erosteko aukera egongo da.

Txikienak korrikarako gertu orain bi urte, Elgetan.

Euskara eta dibertsioa eskutik lotuta Eskoriatzan 

Eskoriatzan ere dena ez da izango korrika egitea: herri bazkaria, flashmoba, tailerrak, poteoa, disko festa... euskararen aldeko lasterketa ospetsuaren bueltan, askotariko ekintzak gertatu dituzte herrian biharko, zapatua:

  • 11:30 Arropa salmenta.
  • 14:30 Herri bazkaria Kontzejupean. 
  • 17:00 Ume eta gazteendako tailerrak plazan.
  • 18:30 Arropa salmenta.
  • 19:00 Kantu poteoa plazan. Jarraian, pintxo-potea herriko tabernetatik.

Txapeldunekin bazkaria, Leintz Gatzagan

Korrika badatorrela-eta, bertso bazkaria antolatu du Leintz-Gatzagako Korrika batzordeak biharko, zapatua. Ez da, gainera, edozelako bazkari izango, Julio Soto eta Arkaitz Estiballes, Nafarroako eta Bizkaiko txapeldunak hurrenez hurren, izango dituzte-eta gonbidatu bazkarian. 14:30ean izango da, Soran etxean. Aurretik, 13:30ean hasita, triki-poteoa egingo dute.

Oñatin ere, eman euskara elkarri

Korrika 18 eguenean helduko da Oñatira, eta aurretik askotariko ekintzak izango dituzte aukeran:

  • Gaur, egubakoitza, 22:30ean, Lingua Nabajorum antzezlana, Gaztelekuan.
  • Biharko, zapatua, egun osoko egitaraua: Oñatz taldearen aurkezpen dantza, txaranga poteoa, Korrikako materialaren salmenta, herri bazkaria, bertsolariak, herri kirolak eta herriko musika taldeen kontzertua.
  • Eguaztena, hilak 20, 14:30ean hasita, Korrika Txikia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak