Hasi da Korrika giroa Debagoienean ere

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko martxoaren 15a

Atzo arratsaldean eman zitzaion hasiera Korrikari eta datorren asteko eguen goizaldean iritsiko da Debagoienera. Bitartean, baina, ez da falta egun horretarako motorrak berotzen joateko ekintzarik. Gaur, esaterako, Eskoriatzan flashmoba grabatu dute Arizmendi ikastolako eta Luis Ezeizako 550 ikasle inguruk.

Hasi da Korrika. Atzo arratsaldean atera zen euskararen aldeko lekukoa Andoaindik eta martxoaren 24an iritsiko da Baionara. Hamaika egunotan Euskal Herri osoa zeharkatuko du Korrikak, eta eguen goizaldean, helduko da Debagoienera. Bitartean, baina, ez da faltako egun horretarako motorrak berotzen joateko ekintzarik.

Flasmob-a 550 ikaslek

Gaur, esaterako, horren harira, Eskoriatzan flashmob-a grabatu dute Arizmendi ikastolako eta Luis Ezeiza eskolako 550 ikasle inguruk.

Arizmenditik 16 urtera arteko ikasleek hartu dute parte; 400 ikasle inguruk, hain zuzen. Luis Ezeizatik, berriz, 3. mailatik gorako ikasleek egin dute dantza baina txikitxoenak ere joan dira bertara euren lagunek egiten zutena ikustera. Luis Ezeizatik 150 ikasle inguruk hartu dute parte. Bi ikastetxeetako irakasleak gustura gelditu dira esperientziarekin.

Gaztetxoak azken astean Korrika 18ren kantuaren koreografia entseatzen ibili dira baina helburua ondo pasatzea izan da.

Eta hori guztia, euskararen alde egiteko antolatu dute.

Ikastetxeetako irakasleak gustura gelditu dira, beraz, esperientziarekin eta ikasleak ere pozik ikusi ditugu guraso, aiton-amonen eta herritarren aurrean dantzan.

 Asteburuan ekitaldi ugari

Eta Korrikarekin lotuta, asteburuan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte gure ibarreko herrietan. Arrasaten, esaterako, bertso jaialdia egingo dute gaur eta bihar, zapatua, trikitilari eta dantzarien emanaldia egingo dituzte, besteak beste. Oñatin ere dantzariek parte hartuko dute biharko ekitaldian eta bazkaria egingo dute Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan bezalaxe. Aretxabaletan ere Korrika dela-eta berotuko dituzte motorrak; gaur, egubakoitza, 17:30ean hasita Herriko Plazan txapalartariak, gaitariak eta bertsolariak arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak