Frantzisko izena aukeratu izanaren gainean, askotariko iritziak entzun dituela dio, baina han, Erroman, gehienek uste dutela Frantzisko Asis esan gura izan zuela.
Burujabetasun osoz jokatuko du, Oñatikoaren ustetan, jesuita bat behin gotzain bihurtzen denean, burujabetasun oso duelako, ez delako gehiago jesuita moduan bizitzen, ez duelako gehiago jesuiten aholku edo agindurik jasotzen. Horrek esan nahi du, bere hitzetan, kardinalek burujabetasun osoa izan duten moduan euren aukera egiterakoan, honek ere horrela jarraituko duela.
Aita santu berriak esandako lehen hitzen arabera, ez du bidea bakarrik egin nahi, eta hori seinale positiboa izan daiteke, Inaxio Arregiren iritziz: "Mundu osoko gotzainekin eta, noski, herriarekin agindu nahi duela ulertu daiteke".
"Ustekabea izan da eta uste dut beste zurrunbilo edo lurrikara bat ekarri dezakeela. Ez dakigu ze estilo ekarriko duen aita santu honek, baina diferentea izango dela bai. Nondik joko duen ez dakigu; batzuek galdetzen dute ez ote dugun Juan Pablo I.aren antzeko bat aukeratu", esan du bukatzeko.
Lehen aldiz, latinoamerikarra eta jesuita
Jorge Mario Bergoglio da aita santu berria eta Frantzisko izena hartu du. Atzo, eguaztena, aukeratu zuten 115 kardinalek, konklabeko bigarren egunean.
San Petri tximiniatik 19:07an atera zen atzo, eguaztena, ke zuria. Kanpaiak jo eta jo, milaka lagun ikusminez zain egon ziren, Jean-Louis Tauran kardinalak izena noiz emango. Eta eman zuen: Jorge Mario Bergoglio, 76 urteko Buenos Airesko artzapezpikua; 266. aita santua da, lehen aldiz latinoamerikarra eta jesuita.
Aurreneko hitzak
"Gaur hasi dugun bidea Elizarentzat emankorra izango dela iragartzen dut. Orain bedeinka zaitzatedan nahiko duzue, baina lehenik, jaunak babes nazan zuek egitea otoi eskatuko nizueke". Horiek izan ziren aita santu gisara egindako lehen hitzak.
2005ean ere bozkatuenetakoa
Bergogliok aurreko konklabean, 2005ean, boto asko eskuratu zituen, eta sektore moderatu-progresistaren faborito bilakatu zen, Ratzingerren lehiakiderik garrantzitsuena. Haren oinordekoa konklabearen bigarren egunean aukeratu dute, bosgarren bozketan.
Ezagutzen dutenek diotena
Ezagutzen dutenek jesuita zuzena eta zorrotza dela nabarmentzen dute, apala dela eta ez duela gustuko gorentasuna.
Pobreen alde eta ustelkeriaren kontra maiz aritu izan da, predikatzen duena praktikan jartzen du eta bere bizitzeko moduak sinesgarritasuna ematen die esandakoei.
Umeengatik sufritzen du asko, immigranteekin, eta prostitutekin, eta erreforma zalea da, baina eliza katolikoaren alderik kontserbadoreenetik urrun dagoen arren, abortuaz edo sexu berekoen ezkontzez esandakoak ez dute Elizako progresistenek amesten duten aita santuarekin zerikusirik: "Jainkoaren planaren aurkako asmo suntsitzailea dira gay eta lesbianen ezkontzak". Abortua, berriz, ez du onartzen, ezta bortxaketa kasuetan ere: "Inoiz ez da irtenbidea; bizitza, ororen gainetik dago".
1998tik Buenos Airesko artzapezpiku
Italiar immigranteen semea, 1936an jaio zen. 1998an egin zuten Buenos Airesko artzapezpiku. Argentinako 2001eko krisi ekonomikoan parte garrantzitsua izan zuen elkarrizketa politiko eta soziala bultzatzen. Nestor Kirchnerrekin harreman txarra izan zuen presidentetza hartu zuenetik, 2003tik.
Elizak ezagutu du garai samurragorik. Elizaren irudia garbitzea, emakumeen rola berraztertzea eta krisiak gehien jotzen dituen behartsuen ondoan egoten asmatu beharko du. Urtez urte fededunak galtzen dituen erakundeak erakutsi beharko du gizartearen eskakizunetara moldatzen dakiela.
Lehen meza, hilaren 19an
Frantziskoren agintaldiari hasiera emango dion meza datorren martitzenean –martxoak 19–, San Jose Elizaren zaindariaren egunean, ospatuko da, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak jakitera eman duenez.