Iaz baino %8,5 diru gehiago emango du Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak diru-laguntzatan

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 13a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak 2.004.013 euro ipiniko ditu kultura sustatzeko eta ondarea kudeatzeko diru-laguntzetarako. Deialdi guztiei eutsi ez ezik, %8,5 handitu ditu diru-laguntzak, "kulturaren arlo gehienak" garatuko direla "ziurtatzeko", Aldundiaren esanetan. Diru-laguntzok lehiaketa bidez banatuko dira.

Atzo argitaratu zituen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, Diputatu Kontseiluak onartu zituen diru-laguntzen bi dekretuak eta deialdiak.

Kultura sustatu eta hedatzeko programak zortzi lerro jasotzen ditu eta 1.278.513 euro bideratuko ditu aurten, iaz baino %12,17 gehiago. Kopuru horren zati bat Gipuzkoako kultur jarduera bultzatzeko izango da, 408.108 euro, arte eszenikoak, musika eta arte bisualetako jaialdiak, zikloak, lehiaketak eta sariak antolatzeko. Ia 100.000 euroko igoera (%34) izan du atal honek. Igoera honen helburu nagusia izan da 5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerriei lerro berri bat ezartzea, haien kultur ekintzak antolatu ahal izateko.

Bestalde, Euskadiko Antzoki Sarean dauden Gipuzkoako udalek urteko arte eszeniko eta musika programazioa finantzatzen laguntzeko 225.610 euroko diru-laguntza izango dute eskuragai, aurreko urtean baino 26.000 gutxiago.
Gipuzkoan kokatutako kultur alorreko irabazi asmo gabeko elkarteek ere diru-laguntzetara jo ahal izango dute proiektu zehatzak egiteko. 338.378 euro izango dira banatzeko, iaz baino 90.000 euro gehiago (%36).

Konpainia eszenikoek ere jo ahal izango dute diru-laguntzetara, ikuskizunen sustapen eta salmentan egindako gastuak arintzeko. Horretarako, 124.795 euroko lerroa izango dute, 2012. urtean baino 28.000 euro gehiago.

Kultur edukiak Internet bidez hedatzeko proiektuentzat 66.667 euro egongo dira eta 114.955 euro beka batzuetarako: espezializazio bekak, sorkuntza bekak eta Nicanor Zabaleta beka.

Bigarren diru-laguntza sorta Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa zaharberritu eta kudeatzeko izango da eta 725.500 eurokoa da, 2012 urtean baino %2,56 gehiago. Horietatik 300.000, iaz baino 20.000 gehiago, kultur ondarea zaharberritzera bideratuko dira, eta 120.000, iaz baino 30.000 gehiago, indusketa eta ikerketa arkeologikoak bultzatzera.

Bereak dituen museoak mantentzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak 264.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako beste museoen kudeaketan laguntzeko, bai publikoak eta baita pribatuak ere. Beste 20.000 euro agiri-ondarea zaharberritzeko izango dira eta 21.500 beketarako.

Helburuen artean, sexu-berdintasuna irizpide gisa ezarri da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak