Elurra gogotik, baina oraingoz eragozpenik eragin barik

Ubane Madera 2013ko martxoaren 13a

Gaurko egunaren lehen orduko elur giro nabarmenaren ostean, elurra gogotik hasi du gure ibarrean orain. Hala ere, oraingoz ez du eraginik izan inguruko errepideetan, eta Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, "guztia normal" dago eta inguruko mendate guztiak zabalik. Hori bai, halakoetan ohi denez, kontuz gidatzea gomendatu dute eta mendate bakarra dago eguerdian itxita, Elosukoa, hain zuzen. Eguraldi iragarpenaren arabera, elurraren maila 200-400 metrorako dago aurreikusita, hala ere, "ekaitz momentuetan, 200 m-ren azpitik ere zuritu dezake eta aldiz eguerdi partean, tenperatura zertxobait igotzen denean, gorago kokatu da elur-maila". 

Ertzaintzak kontatutakoaren arabera, goizeko lehen orduan ibilgailu bat irauli eta errepidetik atera da Leintz-Gatzaga inguruan. "Hura erretiratu artean Arlabandik desbideratu dugu zirkulazioa, baina orain dagoeneko dena normal dago". 

Hona hemen gaurko eta biharko eguraldi iragarpena, Euskalmeten arabera:

Gaur, eguaztena

"Negu gorriko eguraldia. Hotz galanta eta kostaldean soilik kokatuko dira termometroak 5 ºC-tik gora. Barnealdean berriz, izotza hainbat txokotan, batez ere Araban eta Nafarroan. Balio hauekin, elur-maila 200-400 metro artean mantenduko da. Dena den, ekaitz momentuetan, 200 m-ren azpitik ere zuritu dezake eta aldiz eguerdi partean, tenperatura zertxobait igotzen denean, gorago kokatu da elur-maila. Zaparradak, ugariagoak eta mardulagoak izango dira kantauri isurialdean; trumoi-ekaitzak jo eta txingorra ere bota dezake. Gutxi ez balitz, iparraldeko haizea oso zakar ibiliko da, ufada oso gogorrekin, eta ziertzoa ere zakar ibiliko da Ebro ibarrean. Haize honek, hotz sentsazioa areagotu egingo du".

Bihar, eguena

"Bide beretik eguraldia; giro hotza eta ezegonkorra. Prezipitazioak ugariagoak izango dira ipar isurialdean eta noizbehinka trumoiak jo eta txingorra bota dezake. Hegoaldera berriz, tartekatuago eta ahulago iritsiko dira zaparradak. Elur-kota 200-400 m artean kokatuko da oro har, arratsaldean 500-600 m-ra igoz eta gauean berriro ere maila baxuagoetara jaitsi liteke. Iparraldeko haizeak indarra galduko badu ere, ziertzo haizea Nafarroa hegoaldean zakar ibiliko da".


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak