Kooperatiba berri horiek 608 langile zituzten; hau da, sortzeko momentuan, kooperatiba berri bakoitzak, batez beste, bost langile izan ditu.
Gehienak, lan elkartukoak
Kooperatiba berri gehienak (114) lan elkartukoak izan dira; zortzi, etxebizitza-kooperatibak; bat, hezkuntzakoa; eta beste bat, bigarren graduko kooperatiba.
Sektoreka, 74 kooperatiba berri zerbitzuetakoak dira; 11, eraikuntzakoak; beste 11, komertziokoak; zortzi, etxebizitzakoak; lau, kautxu eta egur sektorekoak; beste lau, automobilgintzakoak; beste lau, garraio sektorekoak; hiru, sektore elektrikokoak; beste hiru, metalekoak; eta bi, ehungintzakoak.
Zerbitzu sektorearen barruan, aktibitateka, honela banatzen dira 74 kooperatiba berriak: ostalaritza (11), komunikazioa (10), gizarte arloa (zortzi), ikus-entzunezkoak eta mekanikoak (sektore bakoitzean sei), informatika, ingeniaritzak eta formazioa (lau kooperatiba bakoitzean), kontsultorak (hiru) eta beste batzuk.
Lurraldeka, kooperatiba gehienak, %60 inguru, Bizkaian sortu ziren; 40 entitatek Gipuzkoan hartu zuten alta; eta 12k, Araban.
2002tik, 574 enpresa
Elkar-Laneko zuzendariak, Javier Sanzek, ere hitz egin zuen prentsaurrekoan. Izan ere, Elkar-Lanek Enpresa-ekintza Kooperatiboen Behatokiaren zazpigarren txostena ere aurkeztu zuen prentsaurreko horretan. Horren barruan, Elkar-Lanek EAEko administrazio publikoei aholkularitza ematen die, eta Euskadin kooperatibismoa sustatzeko eta garatzeko egokienak iruditzen zaizkion politika publikoak martxan jartzeko informazioa ematen die.
Javier Sanzek aurkeztu zuen txostenetik, honakoak dira ezaugarri nabarmenenak: Elkar-Lan sortu zenetik (2002ko abenduan), 574 enpresa kooperatibo sortzen lagundu du. Horien heriotza-tasa oso txikia dela esan zuen Sanzek: bakarrik %1,56, izan ere, bakarrik 574 horietatik 9 kooperatiba likidatu dira orduz geroztik.
Sektoreka, 2002tik hona sortutako ekimen kooperatibo gehienak zerbitzu sektorekoak dira. "Nekazaritza eta industria sektoreko ekimenak oso gutxi dira", esan zuen Sanzek.
Gero eta emakume gehiago
Ekintzailearen profila hau da, Elkar-Lanen arabera: gizonezkoa, 42 urtekoa eta erdi edo goi mailako ikasketekin.
"Hori hala izanda ere, gero eta ekintzaile gehiago dira emakumezkoak", esan zuen Javier Sanzek: gaur egun, kooperatiba-ekintzak martxan jartzen dituztenen %40,5 dira emakumezkoak.
Ekintzaile ia guztiak (%98) aurretik lan egindakoak dira.
Ekintza martxan jartzeko arrazoien artean, gehienek (%49) "negozio-aukerak" aipatu dituzte; baina beste asko (%37) lan egiten zuten enpresa itxi zelako egin ziren ekintzaile. Bi arrazoiek batera eragin izan diete ekintzaileen %14ei.
Kooperatiba eredu juridikoa aukeratu izan dute "filosofiarengatik" %42k; aholkulariek hala gomendatu zietelako, %40k; abantailak eta laguntzak izango zituztelako, %10ek; eta beste arrazoi batzuengatik, %8k.