Martxan da Arizmendiren BHKlip bideo lehiaketa

Jone Albeniz 2013ko mar. 12a, 18:33

Ikus-entzunezko labur bat sortzea da lehiaketa honen helburua. Debagoieneko ikasleek har dezakete parte (DBH 3-4 eta batxilergoko ikasleak) eta lan bakoitzaren atzean, gehienez, hiru lagun egon ahalko dira. Aurtengoan, gaia kontsumoaren katea izango da eta erabili beharreko objektua, berriz, otarra. Lanek gehienez bi minutuko iraupena izan behar dute eta AVI edo WMV formatuan entregatu beharko dira.

Apirilaren 24rako entregatu beharko dira lanak. Bi modutan helarazi daitezke: Arizmendiko ikastolako idazkaritzan utzita edo postaz bertara bidalita –Arizmendi Ikastola (BHklip, 2013) Otalora lizentziaduna, 8.20.500 Arrasate; eta Youtubera bideoa igo eta esteka helbide honetara bidaliz: komunikazioa@arizmendikide.net

Lanaren izenburua artxiboan bertan jarri behar da; eta gutun-azal itxi baten, izenburu bera eta barruan egileen izen-deiturak eta telefono zenbaki bat.

Bi sari

Bi sari desberdin banatuko dira: Epaimahaiaren Saria eta Ikuslearen Saria. Saritutako partaide bakoitzari bideo-kamera bana banatuko zaio. Ikuslearen Saria, berriz, boto bidez aukeratuko da; apirilaren 29tik maiatzaren 8ra arte bozkatu ahal izango da finalisten arteko onena Goiena Blog komunitateko BHKlipeko blogean.

Arlo desberdinetako epaimahaikideak egongo dira: MUko ikus-entzunezko komunikazioa graduko irakasle bat, Arizmendi ikastolako ordezkari bat, Goiena eta Azk komunikazio taldeetako ordezkari bana eta Bagara elkartearen ordezkari bat.

Lana baloratzeko orduan, ondorengo irizpideak izango dituzte kontuan: orijinaltasuna; teknikoki, irudi, soinu eta muntaiaren egokitasuna; eta gaiaren trataera. Derrigorrezkoa ez bada ere, objektua (otarra) bideoan erabiltzea eta musika egileek sortutakoa izatea baloratuko da.

Parte-hartzaileek euren lanak ez dituela inoren eskubideak urratzen ziurtatuko dute, besteak beste, Creative commons lizentziapean musika deskargatzeko orduan (jamendo helbidean aukera handia dago). Bestalde, saria jasotzen duten bi lanak Arizmendi Ikastolaren esku geratuko dira, eta bere eskuetan geratuko da lan horien erabilera.

Formazioa jasotzeko aukera

Parte hartzen dutenek aukera izango dute MUko Huheziko fakultatean (Aretxabaletan) formazio saio bat hartzeko gaiaren inguruan (Bagararen eskutik) eta bideogintzaren inguruan (ikus-entzunezko komunikazioa graduko irakasleen aldetik). Saioa martxoaren 15ean izango da, arratsaldez, eta bertako fakultatearen bisita ere antolatuko da. Parte-hartzeko, martxoaren 14rako eman behar da izena, komunikazioa@arizmendikide.net helbidean.

Harremanetarako: 943 71 21 68 – 943 77 20 25,

 komunikazioa@arizmendikide.net, www.arizmendi.eu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak