Aita Santu berria "ausarta" izatea nahi luke Pello Zabalak

Julen Iriondo 2013ko martxoaren 12a

Gaur hasita egingo dute Vatikanoan Aita Santu berria aukeratzeko konklabea eta inguru hartan ibiliko da datozen egunetan Pello Zabala ere. Euskal Telebistako lantalde batekin joango da harantz, eta bidaia aurretik esan digu kontzilioaren ezaugarriekin bat egingo duen Aita Santua gura lukeela berak.

Gaur hasi eta Aita Santutarako hautagaietan batek kardinalen beharrezko bi hereneko babesa lortu arte luzatuko da konklabea Vatikanoan. Gaurko lehen bozketaren ostean egunean lau egingo dituzte datozenetan, Sixtina kaperako tximiniatik ke zuria atera arte.

Joseph Ratzingerrekiko desberdintasunak espero ditu Pello Zabalak Aita Santu berrian: “Lehengoa izan da oso jakintsua eta oso zuzena dotrinan, baina, behar bada, eragin gutxikoa; litekeena da orain etortzea beste aldekoren bat, erabakiak hartu ditzakeena”.

Zentzu horretan, Aita Santu berria “ausarta” izatea nahi luke Pello Zabalak, ze “Kontziliotik berriz itzuli dira Erromak dena erabakitzera”. “Adibidez, nola aginduko die Erromak Afrikako konferentziei, ez daki-eta zer pasatzen den han”, dio.

Kontzilioak ezaugarri zuen zabalkundearen bidetik jotzeak hemengo elizan ere eragina izango lukeela uste du; egungo gotzainak Erromak dioenari asko begiratzekoak direla dio.

Tokian tokiko Elizari etengabe frenoa jarriko liokeen eredurik ez du nahi Pello Zabalak Vatikanoan. Ez omen da bere nahia bakarrik. Elizan Kontzilioaren egarria omen dago, hartara itzuli nahia. Bestetik, elizak badu hainbat arazo: sekularizazioa, baina baita Vatileaks auzia deitua, diru kontuen kudeaketa edo sexu abusuen estaltzearena. Eta hori guztiaren gainean zer? “Dena erabat garbitzea zaila izango da, baina jendea pixka bat lasaitu”; hori behar litzake Pello Zabalaren esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak