LEINNen, ikasleek autonomia handia dute: hasieratik, enpresa baten batzen dira, eta enpresa horren zereginetako bat da urte horretan egin behar duten bidaiarako dirua batu eta, aldez aurretik, leku horretan egin behar dutena ahalik eta gehien lotu.
Joan den martitzena ezkero, San Frantziskon daude 80 ikasle, horietatik 56, LEINNeko 2. urteko ikasleak; 56 horiek hilabeterako joan dira. Ikas-bidaia hori hirugarren urtez egiten da aurten; baina, berritasun gisa, aurten MINN masterreko ikasleak eta San Frantzisko inguruko enpresak bisitatzeko beste espedizio bat ere joango da. Azken talde hori martxoaren 17tik 24ra izango da han.
Ikas-bidaia hori ikasle beteranoagoek antolatzen dute. Horretan ibili zen Idoia Valencia, Noanean enpresakoa eta Mondragon Team Academyrako (MTA; 2007an, ikasle horiek batzeko sortu zen komunitatea) ikasketa bidaiak antolatzeko arduradunetako bat. San Frantzisko eta inguruak munduko berrikuntzaren guneetako bat direnez, egitarau oparoa izaten dute: "LEINN graduarentzat antolatzen duguna ondorengoa da: hainbat bisita (Angeles Arrien, Stanford-eko unibertsitatea, D.School, Ideo, Hub...), tailerrak, lan egiteko espazioa gestionatu eta MTA komunitatearentzako ekitaldi eta aktibitateak".
Aldez aurreko lana, ikasleek
San Frantziskora egiten duten bidaia, ikasketetan eta norbere hazkuntzan, LEINNeko ikasleendako aurrerapauso handia izaten da, eta ikasketen 1. urtean Finlandiara egiten duten bidaiaren oso bestelakoa. Horrela onartu ziguten, oraindik Oñatiko campusean, Glow enpresako kideek: "Orain hobeto prestatuta gaude. San Frantziskon, berrikuntza eta ekintzailetza kultura handia eta irekia dago. Nik oso pozik eta kontaktu piloarekin bueltatzea espero dut", esaten zigun Ana Larrea bilbotarrak.
Jon Montiel bergararrak hau gaineratu zuen: "Enpresa gisa hazi egingo gara eta asko ikasiko dugu, enpresak bisitatzen, baina geure proiektuak garatzen ere bai. Ondo irten edo ez, azkenean ikastean datza".
Bidaiaren zati handi bat eurek antolatu behar izan dute, eta posta elektronikoz eta telefonoz kontaktu berriak egiten eta bilerak lotzeko ahaleginetan ibili ziren azken momentura arte. Jonek azaltzen duenez, "antolatzaileek egitarauaren %20a lotzen dute, baina beste %80a geuk egin behar dugu".
LEINNek burujabetasun handia ematen die, beraz, ikasleei. Hala, urteroko bidaia antolatzea edo beste edozein proiektu aurrera ateratzea eta ikasturtea gainditzea enpresako kide guztien erantzukizuna da: bakarrak ez badu gainditzen, enpresa osoak porrot egin duela kontsideratzen da. Horrez gain, asteko egun baten ohiko eskolak jasotzen dituzte, baina denbora gehiena euren proiektua aurrera ateratzeko daukate. Glow-ko Lauri Holja finlandiarrak dioenez, "gazteoi askatasun hori emateko beldurra dago gizartean, baina askatasun horrek arduratsuago jokatzea dakar. Hauek ohiko ikasketak balira, seguru asko egunean ordu gutxiago emango genituzke fakultatean".
Enpresekin aldez aurretik bisitak antolatzea ere ez da erraza izaten: "Idazten diezun 50 enpresatik, beharbada hamarrek edo bostek ematen dizute baiezkoa". Baina, era berean, egiteak berak erakutsi die: "Iaz, 17 urterekin, enpresetara deitzen eta nire burua aurkezten, Finlandian ikasten… nenbilen", esaten du Ana Larreak.
LEINN, gero eta ezagunagoa
Rosa Igarza da LEINN graduaren Oñatiko campuseko arduraduna. LEINNek duen arrakastaz, hauxe esaten du: "4. ikasturtea da Bidasoako campusean, eta 3.a Oñatikoan; beraz, oraindik ez da promoziorik irten, baina gero eta ezagunagoa egin da, eta Madrilen eta Herbehereetan ikasgela bana ireki dugu; datorren urtean Bilbon irekiko dugu". Bidaiak dira erakarpen handienetako bat: "Bueltan datozenean, zenbat ikasi duten konturatzen dira. San Frantziskon, gauza berriak ezagutu eta ekintzaileak nola moldatzen diren ikusten dute; benetan ikasten dute. Hirugarren bidaia Txina eta Indiara da, eta herrialde horietan ere berritu daitekeela konturatzen dira".
Glow-ko kideei galdetu diegu nola ikusten duten euren burua graduaren ondoren. "Hori da inkognita", erantzuten du Anak. Eta Jonek: "Burujabeak izateko gertatzen gabiltza. Gure enpresa sor dezakegu; edo enpresa batera joan eta hura berritzen saiatu…". Anak, berriz: "Ingeniaritza ikasi duen lagun batek masterra egin behar du, eta gero hasiko da lan bila edo zer egin dezakeen pentsatzen. Guk, gradua bukatzen dugunean, beharbada bagaude enpresa baten edo esperientzia piloa izan ditugu; ez gara zerotik hasten".
Kezkarik ez etorkizunerako
LEINNeko metodologia Finlandian asmatu zuten, eta 20 urteko historia du han. Lauri Holja finlandiarrak dioenez, "emaitzak benetan onak izan dira: gradua egin duten hirutik bat, gutxi gorabehera, ekintzaile bihurtzen da eta gainerakoak, soldatapekoak. Enplegu-maila oso altua izaten da horien artean. Finlandian, ikasketa-bukaerako proiekturako 1.000 ordu izaten ditugu, eta beste gradu batzuetakoen aldean, izugarrizko abantaila da; hor hasi gaitezke enpresekin kontaktuan jartzen eta lana bilatzen".
Euskal Herrian ere hala izaten dabil, Glow-koek esaten dutenez: "Aurten bukatu behar dutenak enpresa handietan daude, Madrilen, Shangain, Hego Korean… dagoeneko dirua irabazten. Gradua bukatzen dutenean, beharbada enpresa horietan jarraitzeko aukera izango dute, eta aldatzeko aukera ere bai".
Etorkizunarekin ez daude kezkatuta ikasle horiek: "Bi urtean zer gertatuko den ez dakigu", esaten du Jon Montielek. Lauri Holjaren iritziz, gradua egiten dutenendako "errazagoa da nork bere enpresa sortzea, eta edozein modutan, beste ikasketak egiten dabilen jende gehienari bururatu ere egin ez zaion aukera hori badaukagu guk".
-----------------
'Pinguino' talde bat Finlandian
LEINNeko 1. urtekoak Finlandiara joaten dira, eta txoke-tratamendu antzeko bat da, Ana Larreak dioskunez: "Graduko hirugarren astean geunden eta, halako baten, bi asteren buruan, Finlandiara zoazte esaten etorri zitzaizkigun". Ez zuten proiektu askorik atera, baina beste herrialde baten bakarrik moldatzen ikasi zuten. "Pinguinoak deitzen ziguten", gogoratzen du Anak. Finlandiako hezkuntza-sistema txalotua bertatik bertara ere ezagutu zuten: "Dena guztiz doan da, bakarrik bazkaria ordaintzen hasten dira 16 urterekin. Hori bai; zerga handiak ordaintzen dituzte, "eta han, zergekin iruzurra egiten baduzu, eskandalua da".




