'Baserrisarea.com' webgunean Debagoieneko produktuak erosteko aukera eskaintzen dute

Imanol Soriano 2013ko martxoaren 11

'Baserrisarea.com' Debagoieneko landa eremuaren erakusleihoa da; bertan, ibarreko baserritarrek euren produktuak webgunearen bitartez saltzeko aukera dute. 

Itziar Urizarbarrena arduratzen da Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteak zuzendutako proiektua dinamizatzeaz. Webgunearen helburuetako bat landa ingurua teknologia berrietara gerturatzea da.

Zeintzuk dira Baserrisarea.com webguneak dituen atalak?

Hiru dira: landa eremuari buruzko informazioa, on line tramiteak eta produktuen salmenta puntu bat. Azken honek bi aukera ditu: batetik, denda dago, erosketa egin eta ordaintzeko; eta, bestetik, zuzeneko harremana nahi duenarentzat, ekoizleei buruzko informazioa eta kontakturako bideak fitxategian jasotzen dira. Azoka eta kontsumo taldeen informazioa ere badago; hala, bertako produktuak erosteko ohiko moduak erakusten dituen leihoa ere bada.

Ze produktu daude salgai?

On line dendan, oraingoz, bederatzi ekoizle daude. Kiwiak, gaztak, txakolina, kontserbak, haragia eta babarrunak daude. Kiwiak bere sasoian saltzen dira eta haragia, aldiz, eskaintzaren arabera. Fitxetan, 24 baserritar, eta produktuen gama zabalagoa da. Hemen sasoiko produktuak eskura daitezke, baserritarrarengandik zuzenean. Ateak irekita dituzte ibarreko baserritar eta ekoizleek.

Kontsumitzaileengana heltzea errazagoa da?

Ez da batere erraza. Jendeak badu interesa, baina erosketa on line egiteko urratsa falta da. Dena dela, garrantzitsua iruditzen zaigu lehenengo urratsak egitea eta landa eremuetara teknologia berriak hurbiltzea.

Erosketa nola banatzen da?

Oraingoz, banaketa astean behin egiten da, ostegunetan, zehazki. Asteazken eguerdirako formalizatuta dauden erosketak ostegunetan etxeraino eramaten dira. Biltegia Leintz Gatzagan dago eta baserritarrek euren produktuak bertara eramaten dituzte, eta erosketako saskia bertan osatu eta banatzen da.

Bertako produktuak kontsumitzeko ohiturarik badago?

Baserrietako jarduera jaitsi egin da, eta baita salmenta zuzena ere. Jendeak supermerkatu handietan erosteko ohitura hartu du eta ez da jabetzen bertako produktuak kontsumitzeak dakarren onuraz. Ezin dugu ahaztu landa eremuaren garrantzia. Izan ere, baserritarrek gestionatzen dituzte gure eskualdeko lursail gehienak. Gainera, gure osasunerako onuragarria da bertako produktuak eta sasoikoak kontsumitzea, eta honek bertako ekonomia ere sustatzen du eta landa eremuak bizirik mantentzen ditu.

Zer da Elkarlana erreminta?

Bailarako landa eremu bakoitzaren

fitxa bat diseinatu da: jaiak, ikastaroak... azaltzen dira. Denon laguntzarekin eguneratzen joan nahi dugu. Bestalde, eskualdeko landa eremuen topaleku izateko helburuarekin Elkarlana erreminta ere sortu da. Landa eremuen arteko sare bat era daiteke horrela, eta landa eremu ezberdinen artean ekintza komunak landu daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak