Zerk bultzatu zintuen Lanbide Heziketa ikastera?
Aurretik Mekanizazioko erdi mailako zikloa ikasi nuen Miguel Altunan, eta 10 urte neramatzan lantegi batean lanean. Zalantzan jartzen hasi nintzen, ea horrela jarraitzea nahi nuen eta erabaki nuen aldaketa bat bilatzea. Lanean jarraitzen nuen bitartean, Bergarako EPAn 25 urtetik gorakoendako unibertsitaterako sarbide froga prestatzen hasi nintzen eta baita lortu ere. Sarbide froga hori gainditutakoan 2 aukera nituen; unibertsitate mailako ikasketak egitea edota goi mailako heziketa ziklo bat.
Eta zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa?
Gaia edo arloa argi nuen; pertsonekin lan egin nahi nuen, pertsonei denbora eskaini eta lagundu. Begira hasi nintzen eta Bergaran Mariaren Lagundian topatu nuen bila nenbilena. Lanbide Heziketa 2 urteko ikasketak izateaz gain, lan munduan sartzeko, lanpostu konkretu batzuetan, erraztasun handiagoa eskaintzen du, unibertsitate ikasketak baino.
Zer egin zitzaizun gogorrena?
Heziketa zikloa ikasten egon naizen denboran goizez eskolara joaten nintzen, eta arratsaldez, 14:00etatik 22:00etara lanera. Azkenean norberaren gauzetarako, inguruko pertsonentzako ezta erosketak egin edo bazkaria prestatzeko ere ez duzu denborarik!
Zer eman zizun Lanbide Heziketak? Zer azpimarratuko zenuke?
Nahi nuen arloan lana topatzeko aukeraz gain, zentroak eman didan gertuko harremana, gertutasuna ere aipatzekoa da.
Nola hasi zinen Aita Mennin lanean?
Praktikak bertan egin nituen monitore bezala; tailerrak antolatu eta kanpoko ekintzetara taldeak laguntzea zen nire zeregina. Bukatutakoan lana eskaini zidaten eta hor jarraitzen dut. Orain Diputazioko unitate berri batean nabil lanean, adimen urritasuna eta portaera-nahasmendua duten pertsonekin.
Eta ikasten ere jarraitzen duzu, ezta?
Bai, Arizmendin Erizaintzako Zaintza Osagarriak, erdi mailako zikloa burutzen ari naiz, hainbat ikasgai baliozkotuta, nire perfila osasun arloko jakintzaz osatzeko. Agian, datorren urtean Gizarte Hezkuntza ikasten hasiko naiz UNED-en, sarbide froga gaindituta dudala aprobetxatuz.