Martxoak 8: aldarrikatu eta gozatu

Goiatz Arana Begiristain 2013ko martxoaren 8a

Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Debagoieneko herri guztietan antolatu dituzte emakumeen aldeko ekitaldiak, aldarrikapenetik haratago. Albiste barruan, hitzorduak, herriz herri.

Manifestazioarekin hasi eta takarraran bukatu, Arrasaten

Arrasaten, Udaleko Berdintasun Sailak eta Emakume Txokoak Feminismoaren bidetik, emakumeak libre! aukeratu dute lelo, eta lelo horrek gidatuko du gaur bertan Seber Altube plazatik 19:00etan irtengo den manifestazioa.

Gaur irekiko da, era berean, Martxoaren 8ko kartelen erakusketa Emakume Txokoan eta hilaren 22ra arte egongo da zabalik. Eta Ekin Emakumeak Elkarteak, bestalde, bi hitzordu antolatu ditu gaurko: Debagoieneko emakumeak gerra zibilean eta frankismoan argazki erakusketa irekiko dute; Kulturaten egongo da, martitzenetik domekara (17:30-20:30). Antzerki bat ere egingo dute gaur.

Bestalde, bihar emakume artisau eta baserritarren azoka egingo da Seber Altube plazan.

Eta ezin aipatu gabe utzi Takarraran. Bihar irtengo da emakumeen lasterketaren bosgarren edizioa Portaloitik (12:30). Helmuga ere Portaloian egongo da eta ibilbideak 2.820 metro izango ditu. 12 urtetik gorako edozein emakumek har dezake parte, doan. Udalak herriko eta bailarako emakume guztiak animatu gura ditu lasterketan parte har dezaten.

"Kalera ateratzeko hamaika arrazoi"… Aretxabaletan

Martxoaren 8aren harira, Aretxabaletako Udalak Hamaika arrazoi dauzkagu kalera ateratzeko, konplexurik gabe, lotsarik gabe eta beldurrik gabe adierazpena kaleratu du. Arratsaldean, agerraldia egingo dute Herriko Plazan, 18:00etan; aurretik, 15:00etan, jatorri ezberdineko emakumeek tea hartuko dute elkarrekin, Udaletxe Zaharrean.

Orohar, martxoan zehar emakumeak leku garrantzitsua dauka Aretxabaletan, eta asteburuan ere horrela izango da. Gaur eta bihar musika eta ipuin kontaketa hitzorduekin gozatzeko aukera egongo da: On eta Kokainen doinuekin batetik (gaur, 22:00etan, Kurtzebarri ikastolako kantxan; euria bada, Iturrigorrin) eta Virginia Imazen ipuin kontaketako istorioekin, bestetik (bihar, 11:00etan, liburutegian, 6-8 urte bitarteko haurrei).

Eskoriatzan: kafe-tertulia eta saskibaloia

Kafe-tertulia egingo dute gaur Ibarraundi museoan, Eskoriatzan. Berdintasunaren alorrean lan egiten duen Equala enpresaren eskutik, egungo emakumeen eta gizonen erronkez egingo dute berba. 18:00etan hasiko da, eta, ordubeteko berbaldiaren ondoren, Ausarta taldeak eskainitako esketxekin gozatuko dute parte-hartzaileek. Horrez gain, saskibaloiarekin lotutako ekintza bat ere egongo da: Eskoriatza Kirol Elkarteak antolatuta, Hondarribia-Irun taldearen, emakumeen saskibaloiko euskal talde onenaren, entrenamendua izango da Manuel Muñoz kiroldegian, 20:00etan.

Lilatoia eta emakumeen bazkaria Oñatin

Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Oñatiko Emakumeen Sareak eta Udal Berdintasun Sailak, eta berrikuntzak ere badaude:

  • Lilatoia: Gaur, egubakoitza, 18:00etan egingo dute lasterketa. Lau kilometroko ibilaldia izango da eta antolatzaileek esan dute "korrika lasai eta denok batera" egingo dutela. Dena den, korrika ez ezik, patinetean eta bizikletan ere egin daiteke proba.
  • Emakumeen bazkaria: bihar 14:00etan elkartuko dira, gaztetxean. Bazkaldu ondoren, herriko trikitilariek emanaldia egingo dute; eta aurretik, 13:00etan, herriko emakumeen argazkia egingo dute Foru plazan.

Bihar, gainera, emakumearen itxura oinarri duen Pottola antzezlana egongo da Santa Ana antzokian, 19:30ean.

Hilaren 13an, bestalde, Zer da hizkuntza sexista? izenburupean, mahai-ingurua egingo dute.

Tea, permormance-a, afaria… Bergaran

Bergaran, 15:00etan jatorri askotariko emakumeak batuko dira kultura etxean tea hartzera Auzoko egitasmoko ordezkariek antolatuta eta interesa duten guztiak daude gonbidatuta parte hartzera.

Gaztetxearen eskutik beste hainbat ekintza ere egongo dira gaur. 19:30ean Post–eskerrak–it izeneko permormance-a ikusteko aukera egongo da Irala kalean. 20:30ean, afari herrikoia egongo da gaztetxean eta 22:30ean, King-Kong neska izeneko antzezlana.

Bestalde, Osintxun ere emakumeen afaria egingo dute gaur Martxoaren 8a ospatzeko.

Antzuolan: murala eta elkarretaratzea

Antzuolako Zurrategin murala egingo dute, gaur, 18:30ean; eta 19:30ean, elkarretaratzea. Kartel lehiaketan aurkeztu diren kartelak ere ikusgai egongo dira eta herritarren bozketarekin aukeratuko dute irabazlea. Txokolatea ere banatuko dute.

Horma irudia, elkarretaratzea eta antzerkia Elgetan

Hainbat ekitaldi daude iragarrita Elgetan, gaur arratsalderako:

  • Iaz moduan, horma-irudi erraldoia egiteko proposamena luzatu die Udalak herritarrei
  • Bideberri mankomunitatearen kartel lehiaketako lan onena aukeratzeko ere laguntza eskatu du; kartelak —14 guztira— plazan egongo dira ikusgai).
  • Udalak deitutako elkarretaratzea 19:00etan; aurretik, txokolate beroa banatuko dute plazan,
  • 22:30ean, bi emakumezko protagonista dituen Las Viudas eta Aitalia antzezlan pieza motzak aurkeztuko dituzte Espaloia kafe antzokian, 22:30ean.

Martxoaren 8 berezia ospatuko du Sorginak Emakume Elkarteak

Leintz Gatzagan, Sorginak Emakume Elkarteak 25 urteko ibilbidea egin du, eta, Martxoaren 8ko berezko ospakizunekin batera, zilarrezko ezteien ingurukoak ere landuko dituzte biharko, zapatua, egin duten hitzorduan. Gure Ametsa jatetxean elkartuko dira, 14:30ean. Aurtengo bidaia nora egin ere komentatuko dute.

Gaur eta bihar, azken ekintzak Aramaion

Gaur bingo afaria egingo dute Aramaion, San Martin eskolako jangelan, 19:30ean hasita. Antolatzaileek 40 bat lagun espero dituzte, iazko antzeko kopurua. Bihar, berriz, Madrilgo El Coro Entredos emakumez osatutako abesbatzak emanaldia eskainiko du Kultur etxean (20:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak