Bergara-Beasain ibilbidea, Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren baitan

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko martxoaren 7a

Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren foru arau proiektuaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektuaren helburua da bizikleta sistema orokor bat egituratzea, bizikleta eta bizikleta bideen erabilera sozializatzera bideratuta. Batzar Nagusietako batzordean azaldu dute proiektua.

Bizikleta bideak planifikatzeko eta eraikitzeko, eta  bizikleta garraio bide gisa sustatzeko programak garatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia aspaldiko urteetan. Bide horretan, Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren (BBLAP) foru arau proiektuaren berri eman du Aldundiak BBNNetako Mugikortasuneko eta bide azpiegituretako batzordean. Foru arau proiektua diputatuen kontseiluak onartu zuen otsailean. Aiptatutako proiektuak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko 1/2007 foru araua du oinarri. Foru arau horrek ezartzen du GFAk Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana egin behar duela, ondoko helburuekin:

  • Foru bizikleta bideen sareari dagokionez, helburu nagusiak zehaztea.
  • Bizikleta bide horiek izan beharko dituzten ezaugarriak zehaztea.
  • Aldi jakin batez, Planean adierazitako helburuak lortzearren, egin beharreko jarduera programak zehaztea.

Proiektuak jasotzen du Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea; sare hori definitzen du. Bi zati bereizi daitezke oinarrizko sare horretan: Oinarrizko Foru Sarea eta Oinarrizko Sare Lokala. Foru sarearen kasuan loteslea izango da araua eta sare lokalaren kasuan, berriz, gomendiozkoa. Planak, oinarrizko sarea definitzeaz gain,  jardueren inguruko proposamenak ere egiten ditu: jardueren programazioa edo, balorazio ekonomikoa, esate baterako. Eta BBLAPen betetze mailaren jarraipenerako adierazleak definitzen ditu.

Bederatzi ibilbide

Proiektuan bederatzi ibilbide agertzen dira bi laurtekotan banatuta, eta ibilbide horietako batzuren zatiak aurreragoko berrikuspen baterako ere uzten dira. Ibilbideak ondokoak dira: Donostia-Irun, Donostia-Mutriku, Donostia-Beasain, Debarroa, Urola bailara, Bergara-Beasain, Bidaso bailara, Leitzaran bailara, Ego bailara.

Proiektuak definitzen duen azpiegitura sarea ez da berez helburua, eta hurrengo urteetan hartzen joango den beste xede handiagoa lortzen lagundu behar du. Xede hori ondokoa litzateke: bizikleta sistema orokor bat egituratzea, bizikleta eta bizikleta bideen erabilera sozializatzera bideratuta, Gipuzkoako herritarren hiribarneko eta hiriarteko garraio aktiborako.

Azpiegituren ikuspegitik, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarea Gipuzkoako lurralde historikoaren lurralde antolamenduan behin betiko txertatzea da planaren helburua. Ingurumen ikuspegitik ere hainbat helburu ditu. Horien artean: konektagarritasun, segurtasun eta erosotasun baldintzak hobetzea oinezko eta bizikleta bidezko joan-etorri motorrik gabeetan; edota bizikleta bideen oinarrizko sarea planifikatzea, batez ere lehendik dauden azpiegituretan edo lehendik alteratutako lurretan oinarrituta, ingurumenean inpaktu txikia izan dezan eta paisaian integratuta egon dadin.

2007tik

Gipuzkoako Foru Aldundia 2007. urtean hasi zen GBBLAP prestatzen. Prestaketa prozesu luzea izan da, eta bide horretan parte hartzeak garrantzi handia izan du. Herritarrei informazioa emateko eta kontsultak egiteko prozesu zabala jarri da martxan. Parte-hartze organoak izan dira. Hiru mailatan laburbildu daitezke parte hartzeko guneak: lurralde mailakoa, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren bidez; eskualdeko foroak;  eta elkarteetako kide ez diren herritarren parte hartzea.

Foru arau proiektuaren berri eman ondoren, arauak Batzar Nagusien onespena jaso behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak