Chavez gogoan Debagoienean ere

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko martxoaren 6a

Venezuelako presidente Hugo Chavez hil dela-eta, haren aldeko elkartasun mezuak agerikoak dira Debagoienean ere. Esate baterako, Eskoriatzako udaletxean Venezuelako Errepublika Bolibariarraren bandera jarri dute balkoian, Ezker Anitzaren ekimenez, Hugo Chavezekiko "aitorpen eta errespetua" eta venezuelar herriarekiko "elkartasuna adierazteko". Bestalde, Arrasateko kaleetan Chavezen aldeko hainbat pintada ageri dira. "Agur eta ohore comandante" irakur daiteke pintada horietan. Horrekin lotuta, Askapenak agiri bat eman du argitara. Venezuela Bolibariarrari "besarkadarik iraultzaile eta sentikorrena" bidali dio Askapenak.

Hemen Askapenaren agiria osorik:

"Askapenak, Euskal Herriko Erakunde Internazionalistak, Hugo Chavez Frias komandantearen heriotza dela eta, Venezuela Bolibariarrari besarkadarik iraultzaile eta sentikorrena bidali nahi dio. Ukaezina da berri latz honek eragin digun samina euskal herritarron bihotz internazionalistetan, eta ukaezina da, duela 15 urtetatik hona errepublikako buruzagi eta prozesuaren ikur izan denaren heriotzak suposatu duen galera Inperialismoaren aurkako borrokan.

Herri antolatu honek duda izpirik gabe jakingo du aurrera egiten, hain justu, iraultza bolibariarraren etsaiek desestabilizazio eta intoxikazio makinariak azkartuko dituzten garaiotan. Milioika lagun dira, lehen bezala orain, hasitako prozesua sakondu eta sendotuko dutenak.

Venezuela bolibariarra izango da! Orain eta beti!

Euskal Herritik gure konfiantza berrestu nahi dugu Venezuelako herri langilean, atzera bueltarik ez duen prozesu iraultzailea aurrera eraman dezan. Prozesu Bolibariarraren borrokak eta lorpenak izaera estrategikoa dute sistema bidegabe eta kriminal hau gainditzea helburu dugun herri guztiontzat.

Honegatik, Euskal herritik gure elkartasun internazionalista eta iraultzailea berresten dugu iraultza Bolibariarrarekin, gurea ere badelako.

Agur eta ohore Hugo Chavez Frías Komandantea!
Hasta la victoria siempre!
Hamaika herri borroka bakarra!".

(Arrasateko hainbat pintada. Argazkiak: Askapena).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak