Uste baino harribitxi gehiago ditugu etxean bertan, eta horiek ezagutzera ematea da Debagoieneko Mankomunitateak Urola Garaiko eta Urola Erdiko mankomunitateekin batera abian ipini duen Altxor Ezkutuak izeneko programaren xedea.
Loiolako edo Arantzazuko santutegiak edo Bergarako dorretxe eta jauregiak ezagunak dira eta sarri dago, gainera, bisita gidatuak egiteko aukera. Baina zer diozue Garagartzako San Migel elizaz, Elgetako parrokiako erretaulaz, edo Antzuolako Antigua ermitaz? Horiek ere XVI. mendeko altxorrak dira, altxor ezkutuak, eta udaberriko aste bukaeratan bisita gidatuak egiteko aukera izango da.
54 bisita gidatu
Programa 54 bisita gidatuk osatzen dute, tartean Debagoienean egingo diren 18k. Aramaiok kenduta, herri bakoitzak altxor bat erakutsiko du, XVI. mendeko harribitxi ezkutuak guztiak. Arrasatek Garagartzako San Migel elizako erretaula erakutsiko du, Elgetak parrokian duen Santiagoren erretaula, eta Aretxabaletak Koruetako Santiago Elizako erretaula. Antzuolak Antiguako ermita eta herrigunea erakutsiko ditu, Eskoriatzak Elorretako errota, eta Oñatik Sancti Spiritus Unibertsitateko kapera, Bergarak dorretxe eta jauregiak eta Gatzagak gatz museoa.
Debagoienetik haratago
Gure bailarako altxorrak ez ezik, Azpeitia, Azkoitia, Legazpi, Urretxu edo Ezkio-Itsasoko beste hainbeste harribitxi bisita daitezke programa beraren barruan. Bisita gidatuen egutegia ignaziotar Lurrealdearen web atarian edo Debagoieneko Turismo bulegoetan aurkitu dezakezue. Erreserbak ere bertan egin daitezke.