Gurutze Beitia: "Ez dago triste jartzen ez denik, eta baldin badago, tontoa da"

Txomin Madina Milikua 2013ko mar. 7a, 01:00

Beti erakusten duen umore ona da bilbotar peto-peto horren bereizgarri nagusienetakoa; idazle eta aktore moduan, 'Se dice de mí' antzezlana estreinatu du duela gutxi. Triste jartzen ez den pertsonarik ez dago, bere esanetan, eta baldin badago "tontoa" da, dio Bilbokoak. Edozein kasutan, goizero barre egiten saiatzeko aholkua eman digu.

1. Se dice de mí lana aurkeztu berri duzu. Zer esaten da, ba, zutaz?

Ez dakit, eta ez dakit jakin gura dudan... Lanaren protagonistaz gauza asko eta politak esaten dira: Nuria Espert edo Concha Velasco bezala, antzerkiko dama bat da. 

2. Zeuk idatzitako obra da. Lana lortzeko modurik onena?

Baliteke, baina ez zen horrela sortu: proposatu zidaten eta oso gustura hartu nuen ideia. Baina egia da argi ibili behar dela; zuk idatzita hobea da, errentagarriagoa. 

3. La lechuga obran ere bazaude. Egun, ezin ezeri ezetzik esan?

Ezetza mantendu behar dugu: krisiak krisi, proiektua ez baduzu gustuko, ezin duzu edozer gauza egin. La lechuga-n nago irakurtzean maitemindu ninduelako; eta izaten dabilen moduan, arrakasta handia izango zela uste nuelako. Tragediatzarra da, baina umore beltza duenez, jendeak hobeto hartzen du. 

4. Agertokian barre, negar, abestu... egin duzu. Zer duzu egiteko?

Musikal handi bat; oso gustukoa dut generoa. Bertan ze? Protagonista, hara bestea! Anita Obregonek legez 30 urteko baten papera egiten badut gainera, askoz hobe!

5. Aktore izatea, beti izan da lehenengo aukera?

Umetatik. Grazia egiten zien etxean: "Ze pailazoa den neskatila", zioten. Logelan altu hitz egiten nuen, pertsonaiak egin. Zaletasuna zen betiko ametsa lanbide bihurtu zen.

6. Angelina Joliek 20 milioi dolar jasotzen ditu pelikulako. Zer esango zenioke?

Kopuru hori kalkulatzen jakingo banu... Bejondaiola, esango nioke; baina, demagogia egin gura barik, garaiotan lotsa ere ematen dit.

7. Beti irribarretsu ikusten zaitugu. Inoiz jartzen zara triste?

Bai, noski, askotan! Ez dago triste jartzen ez denik, eta baldin badago, tontoa da. Baina goizero saiatu behar dugu barre egiten. Horretarako une onenean gaude: politikariek bizitza ematen digute. 

8. Sentitzen duzu beti graziosoa izateko presiorik?

Batzuetan; ezagutzen ez duzun jendeak irribarretsu begiratzen zaitu, eta badirudi graziosoa izatera behartuta sentitzen naizela. Dena den, hain atsegina da barre eragitea...

9. Bizkaiko  sagardoaren enbaxadore izan zara, ohorezko txikitero ere bai. Nola ulertu behar da hori?

Txakolinaren enbaxadore ere izan naiz! Hasieran, apur bat arduratzen ninduen, eta, asko edateko irudia  ote dudan galdetuta, esan didate ezetz: maitekorra naizela, eta enbaxadore ona. Gainera, hain ondo pasatu dut ekitaldi horietan...

10. Euskarako klasetik irten berri harrapatu zaitugu. Zelan zabiltza?

Ondo; oso animatuta nago, asko gustatzen zait-eta. Oso zaila da, baina gogo askorekin nago, egunero hobeto egiten saiatzen. Poliki-poliki [euskaraz], baina ondo doa.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Badakit krisia itzela dela, eta lana beharrezkoa. Baina makila magikoaren minbiziaren, hiesaren eta batez ere gertutik sufritu dudan alzheimerraren aurkako txertoak aterako nituzke. Niretzako gai garrantzitsuak dira: osasuna eta lana".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak