"Ostiralean joan ginen Londresera; 13 pertsona animatu ginen, giroa sortzeko, eta primeran joan zen dena. Lehenengo egunean, hostala topatu, pinta batzuk dastatu eta ohera.
Zapatuan turismoa egin genuen, eta arratsaldean Tottenham ingurura joan ginen". Anekdotaren bat edo beste ere bizi izan zuten: "Aretoa aurkitzea kostatu zitzaigun eta pare bat orduz hor zehar ibili ginen instrumentu eta guzti! Baina azkenean aurkitu genuen, eta oso areto ederra zen, handia, jaialdirako bi gunerekin".
(No Hope, zuzenean Tottenhameko T. Chances aretoan)
Lau taldek hartu zuten parte elkartasun kontzertuan. "Hasieratik jendez lepo zegoen aretoa. Bitxikeria moduan, Londresen bizi diren euskaldun batzuek txalaparta jo zuten bitartean ikusentzuleek irrintziak egiten zituztela". No Hopekoen txanda izan zen ostean, eta "hasieratik jendea giroan murgilduta zebilen, oholtzatik ere egin zuten salto".
Esperientzia bikaina bizi izan zuten atzerrian jotzen zuten aurreneko kontzertuan. "Nahiz eta kontzertua erdizka geratu zen. Puntualitate ingelesarekin, Bottlejob taldea jotzen ari zela, argindarra moztu zuten, eta denok kalera".
