Terapia saioetan, txakurrak pozik, nagusiak poziago

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 4a

Esperientzia berritzailea –eta arrakastatsua– egiten dabiltza Oñatin eta Arrasaten: txakurrek lagundutako terapia saioak. Nagusien egoitzan eta eguneko zentroan hasi ziren irailean; eta Urgainen, Oñatiko euskal eskola publikoan, urtarrila ezkero, txakurrekin aktibitate saioak egiten dituzte. Arrasateko Aita Menni ospitalean ere txakurrek lagundutako terapia ematen da. Aukera berria da Debagoienean, eta Oñatiko eta Arrasateko saioak oñatiar batek gidatzen ditu, Ainhoa Villar txakur-hezitzaileak.

Villarrek berak esaten digunez, txakurrekin arlo fisikoa, kognitiboa edo ezagutzarena eta emozionala lantzen dira; eta txakurrekin ibiltzeak zertan egin diezaguken on azaltzen digu: "Txakurrek terapia egiteko dituzten ezaugarri inportanteenak hauek dira: ez dutela prejuiziorik edo aurre-iritzirik, eta alde horretatik konplexuak lantzen dira; jokoaren bultzatzaileak dira, eta horrekin sozializazioa lantzen da; komunikazioa bultzatzen dute, eta horrela lotsak lantzen dira; eta zentzu askoren eratzailea denez, segun zelako pertsonari, zentzuak lantzeko aukera ematen dio".

Abere maitekorrak eta lasaiak 

Txakurrak gero eta gehiago erabiltzen dira haiek lagundutako terapia egiteko, batez ere pertsona nagusiekin. Ainhoa Villarren esanetan, "Oñatin oraintxe hasi gara, eta ez da hain gauza ohikoa, baina orain asko entzuten da eta modan dago". Bera betidanik da txakur-zale handia, eta orain dela lau urte hasi zen bere burua txakurrekin lan egiteko prestatzen: "Orain lau urte, Eusko Jaurlaritzak homologatutako ikastaro batzuk atera zituen: Trebakuntza, Zakur-heziketa eta Jokabide-zuzenketa ikasi nituen. Gero, beste ikastaro eta seminario mordoa egin nituen, eta Animaliekin Lagundutako Terapian teknikari ikasketak ere bai. Horiek dira egin ditudan ikasketa garrantzitsuenak". 

Erabiltzen dituen txakurrak berak erakutsitakoak dira. Eguneko zentroko bost emakumerekin terapia saioa egiteko, joan den martitzenean, bi golden retriever eroan zituen, Lur eta Roxi. Lur adopzioan hartutako txakurra da, arra, Galiziatik ekarria, eta Roxi, emea, Kordobatik ekarri du. Arraza horretako txakurrak asko erabiltzen dira terapia saioetan. Lur eta Roxi gazteak  dira eta jolaserako gogo handiz joaten dira Oñatiko eguneko zentrora; eta, aldi berean, terapia edo aktibitateak egiteko derrigorrezkoa den moduan, lasaiak eta esanekoak dira. Maitekorrak ere badira eta pozik agurtzen dute saioko parte-hartzaile bakoitza.

Jolaserako gogo hori aprobetxatuta egiten dituzte terapia saioak, Ainhoa Villarrek azaltzen digun moduan: "Terapia saioak beti osasun arloko profesional batek gidatzen ditu; kasu honetan, eguneko zentroko psikologoak, Mari Josek, helburu batzuk ipintzen dizkigu, eta, jolasaren bidez, helburu horiek betetzen saiatzen gara". 

Terapia saioak daude, batetik; eta, bestetik, aktibitateak. Horietan, "ekintzak egiten dira eta ez daude osasuneko profesional batek gidatuta; hor ere helburu batzuk betetzen dira, baina zeharka".

Bakardadea arintzeko

Txakurrekin lagundutako terapia saio horiek Oñatiko Udalak antolatutakoak dira. Alkateak, Mikel Biainek, honela azaltzen du iniziatiba nondik etorri zen: "Jakin genuen Oñatin bazegoela txakurrek lagundutako terapian aditu bat, eta gure herriko adineko pertsonekin saiakera egitea interesgarria iruditu zitzaigun. Ongizate Batzordean sartu genuen proposamena, eta begi onez ikusi zen". Beste leku batzuetan adinekoekin esperientzia arrakastatsuak zeudela ere bazekien Udalak, eta eguneko zentroan ere martxan jartzera animatu zen Udala.

Alkateak balorazio ona egiten du: "Adineko jende askok arazo dezente ditu, bakarrik sentitzen da… Alde horretatik, txakurrekin afektua, maitasuna lantzeko aukera egokia eta berritzailea da hau. Adineko pertsona asko monotonian bizi dira, eta maiztasun batekin horrelako ekintzak egitea ona izan daiteke".

Hezitzailea bera ere "pozik" dago, are gehiago erabiltzaileen erantzuna ikusterakoan: txakurrak dagoeneko ezagutzen dituzte, txakurrei laztan egiten diete… Dena jolasarekin eta modu dibertigarrian egiten da. Hala, joan den martitzeneko terapian, bost emakumeetako bakoitzak tresna bat erabili behar zuen txakurrarekin: batek kanpaitxoa joarazi behar zion txakurrari eta, ondo egiten bazuen, saria eman; beste batek xaboiarekin garbitu egin behar zuen Roxi; hirugarren batek, pasioa eman Lur-i eguneko zentrotik; laugarrenak, arotik salto eginarazi; eta, bukatzeko, txakurra eskuilarekin orraztu.

Erabiltzaile guztiei, aukera

Aukera planteatu zenean, eguneko zentroko erabiltzaileei eta familiei eskaini zieten. "Gura duenak parte har dezake. Horretarako, talde homogeneoak egiten ditugu. Hamabost egunean behin dira saioak", esaten du eguneko zentroko arduradunak, Itxaro Leibarrek.

Saio horietan egiten dutena etxean kontatzen dute gero eguneko zentroko erabiltzaileek, zentroko arduradunak kontatzen digun moduan: "Orain arte, oso gustura gaude; familiek ere oso ondo hartu dute aukera hori, eta esaten digute nagusiek asko disfrutatzen dutela eta, etxera joaten direnean, txakurra etorri dela kontatzen dutela. Gustura ikusten dituzte, pozik; izan ere, ekintza berria da eta, gainera, interaktiboa".

-----------------

Txakurrak ere, terapian

Terapia egiteko erabiltzen diren animaliak ere zaindu egin behar dira. Ainhoa Villarrek dioenez, txakurrek hainbeste esplotatzen dituztenez zenbait lekutan, txakurrok eurok tratamendu berezia behar izaten dute. Animaliek lagundutako terapiarekiko kritikoek izurdeen kasua azpimarratzen dute, izan ere, terapia egiteko, euren inguru naturaletik atera eta itxian ipintzeak kalte egiten die.

-----------------

Freud-ek ere erabiltzen zuen

Debagoienean txakurrekin egiten diren lehenengo terapia saioak dira Oñatikoak eta Arrasatekoak; dena dela, badaude zaldiekin terapia saioak eskaintzen dituzten aditu batzuk. Zaldiez eta txakurrez gain, astoekin, izurdeekin, txoriekin…ere egiten dira terapiak, eta arrakastaz, beste herrialde batzuetan. Animaliak giza-osasuna hobetzeko lagun gisa erabiltzeko joera aspaldikoa da. Dokumentatutako lehenengo saiakera XVIII. mendean egin zen, Ingalaterran, eta buruko gaitzak zituzten pazienteekin egin zen. Sigmund Freud psikoanalistak ere txakur asko zeuzkan. Bere arabera, txakurra ondoan edukitzeak berba lasaiago egiten laguntzen zion pazienteari.

Ahots kritikoak daude

Mundu osoan erabiltzen dira abereak terapian laguntzeko. Horren aldekoen esanetan, nagusiekin, buruko gaitzak dituztenekin, gutxituekin, umeekin eta presoekin, besteak beste, emaitza onak ematen ditu. Kritikoak ere baditu: horien iritziz, epe luzerako onurak dituenik ez dago frogatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak