Bertso Korrika Arrasaten izango da, martxoaren erdialdean

Ubane Madera 2013ko martxoaren 4a

Euskal Herriko 25 herri zeharkatuko ditu Korrika 18ren baitan antolatutako Bertso Korrikak, eta tartean Debagoienetik ere pasako da, Arrasaten saioa izango da-eta, martxoaren 15ean. Miren Amuriza, Jokin Labayen, Ane Zuazubiskar eta Maddi Labayenek jardungo dute bertsotan, Xabier Betzuen gai-jartzailearen esanetan. Hitzordua Kulturateko areto nagusian da, 19:30ean.

25 bertso-eskola, 100 bertsolari, 20 gai-jartzaile. Horiexek dira Bertso Korrikaren zenbakiak. Bestela esanda, 25 herritan 100 bertsolarik eta 20 gai-jartzailek jardungo dute martxoaren 20ra bitartean bertsotan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan. Eta esandako moduan, gurean Arrasaten du hitzordua, martxoaren erdialdean.

Bost helburu

Ekimenaren helburuak bost dira: "Korrika girotzea herrian; euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzutea; herriko bertsolariei eta bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea; kalean (ostatuan) euskaraz elkartzea herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak eta herriko bertso-eskolaren eta euskaltegiaren artean harremanak egitea". 

Bertso saioak, euskara ikasleen neurrira

"Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak. Haietako askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten. Gainera, saioan zer topatuko duten, aurrez landuko dute euskaltegian, bertso-eskolako gai-jartzailearen eskutik. Bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita", adierazi dute antolatzaileek. 

Bertso Korrika, bertso batean

Bertso Korrikaren aurkezpenean, Beñat Vidalek, Algortako Bertsolari Eskolako kide, AEKko Mintzapraktika Egitasmoko arduradun eta Bertsozale Elkarteko kide denak, bertso batean azaldu du ekimena:

Euskaltegian lantzen ditugu

aditza eta baldintza

baina jolastuz bertsolariek 

nola darabilte hitza?

Bertso Korrika iritsi zaigu

da zuretzako ekintza

euskara ikasten zabiltzan horrek

behar zenuen argi printza

denek ulertu eta gozatu

dezagun bertsolaritza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak