Partidu gogorra izan da, bai Mondrarendako bai Aloñarendako. Lurreko joko gutxi ikusi zen harmailatik, eta baloi luzeak izan dira nagusi. Horren emaitza, ikusteko partidu pobrea. Baina jokalariek asko zuten jokoan, batez ere arrasatearrek, eta aitortu behar zaie erakutsitako kemena. Zerrajeroak azken unera arte borrokatu dute, eta azkenean lortu dute hain beharrezkoa zuten garaipena. Azken unean lortu dute garaipenaren gola: Mikel Aizpuruak egin du buruz 93. minutuan, epaileak partiduaren amaiera adierazi baino bi minutu lehenago. Arrasatearrek sutsuki ospatu dute, bai futbol zelaian bai harmailetan. Txanponaren beste aldean, nola ez, Aloñako jokalariak.
Txantxikuek ere defentsa lan ona egin dute, eta behin baino gehiagotan iritsi dira arrasatearren atera, baina ez dute jaurtiketetan asmatu eta partidua amaitzear zela jasotako golak min handia egin die.
Azken aukerak
Gaurko emaitzak pizgarri efektua izan behar du Arrasateko taldean. Jaitsierako postuetatik irten da taldea momentuz, baina gertu jarraitzen dute. "Badakigu hemendik aurrera partidu guztiak finalak izango direla, eta horren jakitun gara. Aste tarteko saioetan ere gogor gabiltza, eta uste dut aurrera aterako dugula taldea", esan du norgehiagoka amaieran Iker Uribarren jokalari arrasatearrak.
Aloñaren egoera bestelakoa da. Hiru garaipen behar ditu maila ziurtatzeko, eta hori du lehentasuna. "Gaur gertatutakoa lehenbailehen ahaztu behar dugu. Martitzenean berrekingo diogu entrenamenduen dinamikari, eta hurrengo partidua prestatzen hasteak on egingo digu", zihoen Andoni Azkarragak. Mondra ere dagoen egoeratik irtengo dela uste du Azkarragak. "Jokalari onak dituen taldea da, eta erditik gora diferentzia markatzen dute".