Galtzak bete lan dabiltza Oñatiko Ganbara abesbatzan. Sari ugari lortutako taldea da, baina beti daude helburu eta erronka berriak, eta aurtengoa Spittal (Austria) da. Nazioarteko abesbatza lehiaketa egiten dute bertan, eta Oñatiarrak bertan izango dira aurten. "Bost kontinenteetako abesbatzak elkartzen dira, eta maila altua da", adierazi du Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biainek. "Lehiaketa horretan parte hartzeko hautatuak izanagatik bakarrik oso pozik gaude", esan du.
Lehiaketa uztailaren 5etik 7ra bitartean jokatuko da, eta oñatiarrek hamar pieza aurkeztu behar dituzte. Horietako batzuk Bergarako Santa Marina elizan egindako kontzertuan eskaini zituzten. "Oso gustura gaude kontzertuak emandakoarekin", adierazi zuen Biainek. "Pieza berri asko estreinatu ditugu kontzertu horretan, eta inpresio onarekin irten ginen".
Kontzertuan 15 pieza eskaini zituzten, sakra musika folklorearekin nahasturik. "Santa Marinan oso gustura abesten da sakra musika. Bestelakoak zaindu egin behar dira, izan ere erritmo bizkorragokoak izatera nahastu egiten dira apur bat".
Bergarako orfeoiak gonbidatuta izan ziren oñatiarrak Bergaran, eta 125 bat lagun gerturatu ziren Santa Marinara kontzertua entzutera. Bergararrak ere gustura gelditu ziren: "Oso onak dira, tela marinera!", esan zuen emanaldi amaieran orfeoiko zuzendari Karlos Etxanizek.
Zaragozara apirilaren 6an
Austriara joan aurretik, Zaragozan, Ejeako lehiaketan ere izango dira oñatiarrak. Buru-belarri dihardute bi lehiaketak prestatzen, eta nabari zaie. Bergarako emanaldian argi geratu zen hori.