Mondra-Aloña Mendi derbia: urrezko puntuak jokoan

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 2a

Biek ala biek behar dituzte puntuak sailkapeneko egoera definitzen hasteko (domeka, Mojategin, 16:30): Aloñak, erdiko postuetan sendo kokatzeko; eta Mondrak, jaitsiera postuetatik ihes egiteko.

Arrasatearrendako final bat da. "Ez gaude ondo animo aldetik. Taldea jota dago. Konfiantza txikiarekin. Baina, ere berean, badakigu puntuak ezinbestekoak direla guretzat. Irabazi beharra daukagu, bai ala bai", esan dio Goienari Lutxo Iturrinok. 

Derbiek sortzen duten berezko motibazioari heldu beharko dio Mondrak bihar, domeka. "Baloia menderatzen dugu, eta joko nahiko ona egiten gabiltza. Baina, ez ditugu emaitza onak lortzen. Puntuek ihes egiten digute, eta bolada txarra lehenbailehen bukatu behar dugu. Dena den, derbietan motibazio bikoitza izaten dugu", dio Iturrinok.

Lehen itzuliko arantza

Bestelako sentsazioekin irtengo da Aloña Mendi zelaira. "Landu beharreko kontzeptuak landu eta menderatu ditugu. Taldea ondo ikusten dut, nahiz eta astean ezohiko entrenamenduak egin", esan digu Andoni Azkargorta entrenatzaileak. 

Oñatiarrek, Larraña Institutuko pilotalekuan egin dituzte asteko entrenamendu gehienak, elurrak Azkoagain zuritu zuelako. "Gainera, aurreko aste bukaerako partidua bertan behera geratzea ez da ona izan guretzat. Bolada onean geunden, eta dinamika positiboa apurtu digu", dio entrenatzaileak.

Bertan behera geratutako partidua noiz jokatuko den galdetuta, hauxe erantzuna: "Ez digute zehaztu, baina, seguruen, Aste Santuko oporretan jokatuko dugu".

Bi taldeek buruan dute lehen itzuliko emaitza: Mondrak aise menderatu zuen Azkoagaingo derbia 0-3 irabaziz. Oñatiarrek arantza atera gura dute. Mondrak, aldiz, "pozarren" errepikatuko luke emaitza hura. "Azkoagainek ezaugarri bereziak ditu, zelai txikia delako. Lehenengo itzulian ondo moldatu ginen, eta defentsa sendoa eginez irabazi genuen. Ez dut Aloña ondo ezagutzen, baina, bihar irabaztea ez da erraza izango", esan digu Iturrinok.

"Talde polita dauka Mondrak" 

Lutxo Iturrinok min hartutako jokalari batzuk ditu. Andoni Azkargortak, aldiz, Unai Bikuñaren zalantza dauka bakarrik. Biek ala biek, hamaikako lehiakorrena ipiniko dute. 

Mondraren gainean galdetuta, hauxe esan digu Azkargortak: "Talde polita dauka. Duen maila ikusita, sailkapenean askoz gorago egoteko taldea duela uste dut. Kalitate handiko jokalariak ditu lerro guztietan eta edonori min egiteko gai direla uste dut. Baina, aurten ere, sufritzea egokitu zaie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak