Bailarako 43 pilotari lehiatuko dira Debarro txapelketan

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 2a

Maiatzaren 25era arte Debagoieneko eta Debabarreneko pilotariek euren dohainak erakutsiko dituzte. Tartean egongo dira Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Bergarako pilotariak. Guztira, 43: bergararrak 18, arrasatearrak 10, eskoriatzarrak bederatzi eta aretxabaletarrak sei. Eurekin batera lehiatuko dira Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Debako pilotariak.

Debarro txapelketa hiru mailatan jokatzen da: kadeteak, gazteak eta seniorrak. Kadete mailan lehiatuko dira Bergara, Eskoriatza, Arrasate, Elgoibar eta Deba. Gazte mailan berriz, Arrasate, Bergara, Soraluze, Deba eta Elgoibar. Bi maila horietan joan-etorriko ligaxka jokatuko dute, eta bi talde indartsuenek finalerako txartela lortuko dute. 

Finalak, Elgoibarren 

Nagusien mailan, aldiz, zazpi herritako pilotariak lehiatuko dira: Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar eta Eibar. Seniorrek itzuli bateko ligaxka jokatuko dute. Lehenengo laurek finalerdiak jokatuko dituzte, eta irabazleek finala. Aurtengo Debarro txapelketa Elgoibarko pilota taldeak antolatu du, eta finala hango pilotalekuan izango da: maiatzaren 25ean, 16:30ean. 

Aste barruan eta asteburutan 

Aste barruan eta aste bukaeretan, bietan, arituko dira pilotariak, asteburuetan federazioek antolatutako txapelketak jokatzen ari direnez, aste barruko egunetan izango dituztelako Debarroko Txapelketako neurketak. 

Debagoieneko pilotariak gertu daude iaz, Bergaran lortutako txapelak berresteko.

Ordezkari gehien Bergarak izango ditu: 18. Kadete mailan Zubizarreta, Gastañaga, Jorge, Larrañaga eta Otermin lehiatuko dira; gazte mailan, Aristi, Diez, Jorge eta Retolaza; eta seniorretan, Ander Muguruza, Eneko Muguruza, Iñarra, Azkarate, Perez, Beñat Rezusta, Ander Rezusta, Gallastegi eta Osa. Azken maila horretan bi talde egingo dituzte. Bergararren asmoa itxura ona eman eta urrun heltzea dela esan digu Reyes Azkoitiak, "eta, ahal baldin badugu, iaz seniorretan lortutako garaipena errepikatu".

Arrasatearren artean, kadete mailako bikoteak ditu txapela janzteko aukera gehien. Iazko txapeldun Markel Moronekin batera, Josu Egia, Beñat Iturriotz eta Josu Zezeagak jokatuko dute kadetetan. Gazte mailan, Joseba Garate, Julen Moron eta Aitor Etxezarreta egongo dira; eta seniorretan, Haritz Zuazua, Ibai Bolinaga eta Jon Felipe Oreja.

Eskoriatzarren asmoa senior mailako finalerdietara iristea da. Hor lehiatuko dira Oier Urrutia, Alex Oiartzabal, eta Eneko, Mikel eta Joseba Zubizarreta anaiak. Kadete mailan Aitzol Zubizarreta, Lander Raso, Asier Zurututza eta Iñaki Astiazaranek jokatuko dute.

Azkenik, Aretxabaletak, nagusien mailan izango ditu ordezkariak bakarrik: sei pilotari. Inolako helbururik zehaztu barik irtengo dira pilotalekura Unai Errasti, Hodei Oyon, Sergio Uriarte, Jon Etxebarria, Aitzol Altzola eta Oier Mondragon.

Bergararrek hasiera ona

Bergarako pilotariek hasiera ona eman diote txapelketari, eguaztenean jokatutako bi partiduak irabazi egin baitzituzten: kadetetan I. Gastañagak mendean hartu zuen Eskoriatzako A. Zubizarreta; eta gazte mailan, D. Diez bergararra ere gehiago izan zen  Soraluzeko A. Aristi baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak