Kortazarrek Aitziber Aranburuzabala kazetariari esan zionez, "udaleku irekietarako eta itxietarako langileak hartzeko bi formula daude: herri batzuetan zuzenean antolatzaileek kontratatzen dituzte, eta beste batzuetan, elkarteen bidez".
Esan duenez, deialdiak egin dituzten herrien zerrenda dute gazte bulegoan. Bat azpimarratzearren, Kortazarrek Bertso Udalekuak azpimarratu zituen: "Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu eta oso arrakastatsuak izaten dira. Eurek ere egin dute deialdia, eta begiraleak, zuzendariak eta sukaldariak bilatzen dabiltza. Epea martxoaren 15ean bukatzen da". Normalean, bertso mundukoak eta aisialdian esperientzia dutenak izaten dira langileak. Udaleku baterako baino gehiagorako egin dute deialdia; batzuk zuzenean eurek antolatutakoak, eta beste batzuk, Foru Aldundiaren udaleku eskaintzakoak, nahiz eta Bertsozale Elkarteak kudeatutakoak izan.
Ingelesezko udalekuak
Atzerrira begira ere badaude lan aukera batzuk: Red Leaf enpresak ingelesezko kanpaldiak antolatu ditu Espainian eta Kanadan; eta beste antolatzaile batzuen hizkuntzak ikasteko kanpaldietan lan egiteko eskaintzak ere jaso ditu Arrasateko gazte bulegoak. Dorleta Kortazarrek esaten duenez, "hizkuntza-maila altuarekin eta, kasu gehienetan, 20 urtetik gorakoak izatea eskatzen dute".
Argibide gehiago www.gaztebulegoa.com-en dago.