Gaurko azokan ondorengo ekoizleek hartuko dute parte: Oñatiko Aldai, Azkarreta eta Gomiztegik, hirurak ala hirurak Idiazabal jatorriko ardi latxaren esne gordinez egindako gaztarekin; Aretxabaletako Etxezuri eta Mendibitzuk. Lehenak Idiazabal jatorriko ardi latxaren esne gordinez egindako gazta eskainiko du eta bigarrenak, aldiz, ardi latxaren esne ekologikoarekin egindako gazta eramango du. Gomiztegik bezalaxe, Antzuolako Pikunieta ere esne ekologikoarekin egindako gaztarekin aurkeztuko da. Hori izango da seigarren ekoizlea.
Bildotsak eta txakolina
Gaztaz gain, eta artzainek ekoizten dituzten produktuak ezagutarazteko helburuarekin, Debagoieneko bildotsak burruntzian erreko dituzte, ondoren pintxotan banatzeko, eta gatzatu tailerra ere izango da. "Bildotsak ekologikoak" izango direla baieztatu du Gorka Mendibitzu ekoizleak. Bestetik, bailarako txakolina dastatzeko aukera ere izango da. Izan ere, Debagoienekoak dira Getariako Txakolinaren jatorri izenaren barruan dauden Arrasateko Otxia eta Oñatiko Upain txakolinak.
Kroxeters eta 'Urban knitting'-a
Giroan murgilduta, Debagoieneko Kroxeters taldea izango da bertan eta Urban knitting delakoa egingo du. Ekintza horrek harridura sortzea du bere ezaugarrien artean. Diotenez, "edozer izan daiteke trikotatua, hala nola ate baten eustokia zein autobus osoa, estatua bat, zuhaitz, jarleku edota farola bat". Urban knitting delakoak gure arbasoen teknikak berreskuratzen ditu, eta, gustu onari eta gaurkotasunari lotuta, emaitza harrigarriak sortzen ditu puntua edo gantxilloa erabiliz. Egitarau zabala, Debagoieneko Artzainen II. Eguna ospatzeko. Aurten, Oñatin.