Luze joko dute Arlaban eta Kurtzetako lur-jausiak konpontzeko lanek

Jone Albeniz 2013ko otsailaren 28a

Gipuzkoako eta Arabako diputazioek lanean dihardute denboraleek Arlaban eta Kurtzeta mendateetan eragindako kalteak konpontzeko. Dena dela, ez da egiteko samurra izango eta luze joko dute lanek.

Arlaban mendateari dagokionez, lur-jausia gertatu zeneko errepide-zatia nahiko arriskutsu dago eta, gainera, pitzadura handiak daude bertan. Ondorioz, konponketa zail samarra dute bertan egiteko.

Aldunditik jakinarazi digutenez, emergentziazko prozedura bitartez bideratuta dago kontua. Hori horrela, espero dute pare bat aste barru lanekin hasteko moduan izango direla. Hala ere, lanak hasi arren, gutxienez beste bi hilabetez, Arlabanek orain arte moduan segituko du; hau da, errail bat itxita eta zirkulazioa semaforo bidez bideratuta.

Errai bat itxita

Kurtzetan, urtarrilaren 15ean hasi ziren arazoak. Egun horren bueltan izandako euriteek hainbat lur-jausi eragin zituzten; ondorioz, mendatea itxi behar izan zuten. Errepidea garbitu bai, baina ordutik errai bat itxita dago, eta semaforoekin, txandaka pasatzen dira autoak.


Semaforo bidez ari dira bideratzen zirkulazioa Kurtzetan.

Arabako Foru Aldundiko teknikariek adierazi digute lurra oraindik oso bustita dagoela, eta hortaz, ezin direla lanean hasi. Jakinarazi dute semaforoak dauden zatian harri-lubeta egin behar dutela, bi tona eta erdiko pisua duten harriak jarriz. Hori egin aurretik, baina, lurrazala egonkortu behar dute. Obra horiek gutxienez bi hilabeteko iraupena izango dute.

Asteotan errepikatu egin dira lur-jausiak eta, ondorioz, Kurtzeta gainetik gertu ere lan egin beharko dute Diputazioko langileek. Kurtzetan bakarrik ez, Aramaio osoan obra asko dituzte aurreikusita datozen hilabeteotarako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak