Eusko Legebiltzarrak ez die eskatuko Eroskiri eta Fagorri preferenteen dirua itzul dezaten

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 28a

UPyDk PSE-EErekin aurkeztutako ekimena bertan behera utzi du gaur Eusko Legebiltzarrak: hain zuzen, Eroskiri eta Fagorri eskatzea milaka herritarrek ekarpen preferente subordinatu bidez ipini zuten dirua itzul dezaten. Hainbat kaltetuk Adicae elkartearekin batera egindako kaleko protesta ekintzen ondoren aurkeztu da ekimen hori.

Aldiz, EAJk eta EH Bilduk batera egin duten testua aurrera irten da. Horren arabera, "eusko labeldun preferente" gisa deitutako aportazio horiek aipatu gabe, "neurri gabeko finantza-praktiken" kontra azaldu dira, eta Kontsumobideri eskatu dio ofizioz erabaki dezan produktu horiek kontratatu aurretik inbertitzaileek informazio argia eta osoa jaso zuten ala ez.

Ekarpen preferente horien bidez, 2002tik hona 845 milioi titulu jaulki dira. Hainbat bankuk komertzializatu zituzten, tartean Euskadiko Kutxak. Eroskik eta Fagorrek, hain zuzen, esaten dute ipinitako kapitala berreskuratu ezin zela argi geratzen zela informazio esku-orrietan. Gaineratzen dute BMEBek ontzat emandako produktua zirela.

Azken argumentu hori gogorarazi du EAJk: "Eroskik eta Fagorrek zuzen jokatu zuten", esan du Luis Javier Telleria jeltzaleak. EH Bilduk esan du ez duela eskatu kaltetuei dirua itzultzeko, izan ere, "kaltetuek eurek ez dute argi hori den soluzio onena". UPyDk, PSE-EEk eta PPk EH Bilduri aurpegiratu diote akordioarekin bat ez egin izana eta, gainera, Eroski eta Fagor aipatu ere egin ez izana.

ADICAEko Santiago Pérezen esanetan, 40.000 kaltetu inguru daude, eta bakoitzak, batez beste, 10.000 eta 20.000 euro artean inbertitu zituen.

Goienako Ekonomia saioan gai horren inguruko elkarrizketa ikusteko aukera izango duzue laster.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak