Euskal Ligako lehenengo mailan dihardu Arrasate-Arlutz taldeak eta joan den asteburuan zazpigarren jardunaldia jokatu zuten Aretxabaletan bertan.
Gasteizko Calasanz taldea izan zuten aurrez aurre, eta 3-1 irabazi zuen etxeko taldeak. Arrasate-Arlutz A taldeko Fran Miguelek berdinketa erdietsi zuen Gasteizko Carlos Pastorren kontra, 0,5 eginda; Andoni Miguelek Josetxu Knörren aurka jokatutako partida berdin amaitu zen. Aitor Alcaidek 1-0 irabazi zion Ander Marchenari eta Asier Etxagibelek garaipena eskuratu zuen Alberto Gartziaren kontra. Azken emaitza, aurreatu bezala, 3-1 izan zen.
Helburua betetzear
Liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez da geratzen eta zapatuan Easo taldearen kontra Donostian jokatuko duten partida irabaztea izango da lehenengo mailako kideen aste honetako erronka.
Ohorezko mailara igo gura du taldeak, Aitor Alcaideren esanetan: "Gure helburua betetzear egongo gara aste honetan emaitza ona lortuz gero". Izan ere, momentu honetan lehenengo postuan dago Arrasate-Arlutz A taldea eta helburua erdiesteko aukerak handiak dira. "Lehenengo biak igotzen dira, eta Sestao B ezin da igo, ohorezko mailan Sestao A dagoelako". Hala, aurkari bat gutxiago dute begi bistan.
Ligako azken partida Bilboko Alhondigan jokatuko dute eta bi mailetako talde guztiak batera arituko dira, "euskal xake jaialdi antzerako batean".
Gainerako xake taldeak
Arrasate-Arlutz B taldeak bina berdindu zuen C. Iriondo taldearen aurka eta 10. postuan dago. Arrasate-Arlutz C taldeak galdu egin zuen Villabona Aren aurka eta 9.a da. Arrasate-Arlutz Dk jokatu beharrekoa bertan behera gelditu zen.