2011n baino 90 milioi gehiagoko iruzurrak detektatu zituen iaz Ogasunak

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 28a

Aurreko urtean baino zerga iruzur kopuru handiagoa antzeman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012an. Iaz azaleratutako zorra 402,88 milioi eurokoa izan zen, aurreko ekitaldian baino 90,4 milioi gehiago (312,4 milioi antzeman ziren 2011n). Beraz, azaleratutako zorrak ia heren bat egin du gora (%28,9). Iruzur gehienak BEZaren bidezkoak izan dira.

Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak eta Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak atzo, eguaztena, eman zuten iruzurraren aurka egindako lanaren ebaluazioa, Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean. Oro har, 2012an iruzurraren aurkako borrokan lortutako emaitzak "oso onak" direla nabarmendu zuten, orain arte baino emaitza hobea lortu baita. Izan ere, 2012ko plana iruzurraren aurka gobernu foralak abiatutako lehen plana izan da, eta, "oro har, aurreko emaitzak gainditu" dituela nabarmendu zuten arduradunek.

Guztira, Gipuzkoako Ogasunak 99.064 jarduketa egin zituen 2012an. Emaitzarik handiena BEZaren bidez egiten den iruzurrak ekarri du: 185 milioi euro azaleratu dira, iaz baino %68,2 gehiago.

Sozietate Zergaren inguruan aurkitutako iruzurra, bestalde, %19,6 hazi da (92,5 milioitik 110,6 milioira). Ikuskaritza errebisioak amaitutakoan, Sozietate Zergan oinarri ezargarriak zuzendu dira etorkizuneko ekitaldietarako (25,8 milioi euro oinarrian). Era berean, kenkariak ere zuzendu dira hurrengo ekitaldietarako (7,7 milioi kuotan).

PFEZean eta Ondare Zergan azaleratutako zorrak %14 egin du behera. Guztira, aitortu gabeko 88,1 milioi euro antzeman ditu Ogasunak.

Inspekzioak aurreikuspenak gainditu ditu

Ikuskapen edo inspekzio alorrean izandako emaitzek aldez aurretik jarritako helburuak gainditu dituztela esan zuten foru arduradunek. Guztira, aurreikusitakoa baino 25,75 milioi euro gehiagoko iruzurra aurkitu zen inspekzio bidez. 99,68 milioi jasotzea espero arren, azkenean 125,33 milioiazaleratu dira. Hau da, espero baino %25,9 zor handiagoa detektatu dute ikuskariek.

Ikuskapenean, kudeaketa zerbitzuekin egindako jarduketek 57,83 milioi euroko iruzurra azaleratu dituzte, eta Sozietate Zergako erregimen bereziek 13,85 milioi eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak