Azpikontratatutako langileak dira greba deialdira batu direnak eta zerbitzu minimoak eskaintzen ari dira.
Arrasateko kasuan, Iturbide egoitzan, langileen %60 ari dira lanean otorduetan eta momentu puntualetan; eta %50, gainontzeko orduetan.
Bergarako kasuan, 80 lagun inguruk dihardute lanean Mizpirualde egoitzan eta gehienak dira azpikontratatutakoak, 60 zehazki; gainontzekoak Bergara, Antzuola eta Elgetako udalek osatutako fundazioko langileak dira. Greba deialdiarekin bat egin eta zerbitzu minimoekin ariko dira funtzionatzen hiru egunotan.
Eskoriatzako Mesedeetako Amaren egoitzan ere ari da eragina izaten greba deialdia. Hainbat langile greban daude eta zerbitzu minimoak baino ez dituzte eskainiko gaur, bihar eta etzi.
Oñatin eta Aretxabaletan normal
Oñatiko San Martin egoitzan normal ari dira lanean, eta berdin Aretxabaletako GSRn ere. Azken hori kooperatiba da eta negoziatzen ari diren lan hitzarmenak ez die eragiten, kontatu digutenez.
Mobilizazioak
Gaur goizerako, auto karabanak iragarri dituzte herriz herriz eta elkarretaratzea Adegiren egoitzaren aurrean. 11:30ean, manifestazioa, Donostiako Artzai Onatik aterata.
CCOOk eta UGTk ere greba deialdia egin dute gaurko, eguaztena, baina aparte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 8,2 milioi euroko eskaintza egin du datozen bi urteetarako, langileen soldatak eta baldintzak bermatzeko. ELAren arabera, Adegik uko egin dio eskaintza horri eta lan erreformaren "muturreko" aplikazioaren aldeko apustua egin du.
Zerbitzu minimoak
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu hiru egun horietarako. Egoitzetako pertsonei jaikitzeko eta oheratzeko, osasun laguntza jasotzeko (sendagaiak, sendaketak...), norberaren garbiketa egiteko, elikatzeko eta sendagaiak hartzeko beharrezko zerbitzuak emango zaizkiela erabaki du Gizarte Politikarako Sailak. Halaber, gutxieneko zerbitzutzat hartuko dituzte oinarrizko zeharkako arreta zerbitzuak ere.